jueves, 24 de diciembre de 2009
AZALPENAREN BEHARRA
Eskertuko nuke EAJ-k azalduko balizkigu, eta ondo azaldu ere, honakoak:
-"Guggenheim-bi" egiteko proiektua. Ni bezalako hiritar arrunt batek ez du ulertzen Biosferako erreserba den leku zoragarri honetan halako azpiegitura egiteko temakeria. Gai honetan PSEren jarrerak sozialagoa ematen du. Orain arte agertutako arrazoibideak ez naute bat ere konbentzitu.
-EAJren Aurrekontuaren aurreko jarrera ez da ondo gizarteratu. Politikook dena ulertzeko gaitasuna izan dezakegu (apoak eta sugeak irensteko gai gara), baina hiritar arrunt batentzat zaila egiten da ulertzea zergatik eman zaion PSEri holako garaipena, urte luze batez iraunen duena. EAJren mezua ez da ondo iritsi.
Azalpenaren zain geratzen gara.
_______________.________________
BIHOTZ-BIHOTZEZ, ZORIONAK ETA URTE BERRI ON!!
jueves, 17 de diciembre de 2009
AITAREKIN BIDAIAN
Lana, tripetatik ateratako minaren adierazpen garratza iruditu zait. Eta ni jokoaren erdian sumatu dut nire burua. Ondoan nituen batzuek ere bai, baten bati negar malkoak isuri zaizkio. Guzti hau nire bizitza pertsonaleko momentua erabat harrapatuta dagoelako lan honetan agertzen den korapiloan, nire aurrekoei begira zein nire ondorengoei.
Zorionak HIKA taldeari eta lanaren idazleari.
___________ : __________
Lehengo batean Gne lagunak Blogga baztertuta dudala esan zidan; ez dudala elikatzen. Arraioa! momentuan ez nion erran, baina ez nuen uste lagun maiteak bloggaren berri bazuenik ere. Hau entzunda, gutxienez astean behin zerbait idazteko parada hartzeko agindu diot nere buruari.
___________ : ___________
Zertan gaude? Neronek baneki!!
Udal eta Foru hauteskundeak izkinaren bueltan daude. Alderdi guzti-guztiak urdurik daude. Giro nahasia eta korapilatsua. PSEk etengabe aurrekoak baino gehiago egiten dutela, haiek baino hobeak direla, haiek baino... aldarrikatzen ari dira. Euren buruarekin konfindantzarik ez.
Bestalde, Frentismoa gero eta nabariagoa; lotsa eta kupidarik gabea.
EAJ birkokatzen, poliki poliki asmatzen ari delakoan nago. Horretaz gainera kilkir-kaiola: EB, Aralar, EA, Hamaika1, Ezker Abertzalea, Poloa,...
Nafarroan: lehengo lepotik burua. NAbairen baitan urak gero eta nahasiagoak. PPN ahul (oraindik) baten ondoan, UPN lasai antzean. PSNk UPNren itzalpeko apurrekin konformatu egiten da, Madriletik agindu bezala. Eta abertzaleok debereak egin gabe, gure buruaz lotsa eginda bageunde bezala. Konplexuak uxatu eta arrokeria gehiagoz jokatu behar dugulakoan nago.
_________ : __________
TDT ren sarrera dela eta, egun hauetan ez dut nire etxe partikularrean ETB ikusten. Neronek ere ez nuen uste hainbeste falta sumatuko nuenik. Izan ere ez dago beste telebista euskaldunik. Hori gabe eskaintza osoa erabat espainiartuta geratzen da. Erremedioa jarri beharko dugu etxean.
___________ : ___________
Ea aste bete pasa gabe berriz idazten dudan.
Besarkada bat,
lunes, 7 de diciembre de 2009
Espainiar konstituzioa
Konstituzio honek itotzen nau.
Zer aukera daukat baldin eta nire proiektu politikoa konstituzio honek jarritako muga frankisten kanpokoa baldin bada? Zer aukera daukat nahiz eta nire proiektua demokratikoa izan?
Utikan!!
P.S. Vienan egon ziren nazionalista espainiarrek,
martes, 1 de diciembre de 2009
Pakea, errespetoa, hitza eta lasaitasuna
Egoera politikoa egonkortzen ari ez delakoan nago. Jose Luisek dio agintaldi osoan ez dela egonkortuko. Ez dakit ba!
Ezegonkortasun honek ondo ez goazen pertzeptzioa zabaltzen du. EAJ-k bi aldeak agertzen ditu: pragmatismoa, erabaki sozio ekonomikoetan; egurra, erabaki politiko hutsetan. PSE-k bere legitimizazioarekin duda-mudatan. Gainera estatu aparatoen gehiegikeriak eraman eta zuritu behar ditu. Aukeran, zalantza asko eta ziurtasun eskasa PSEren aldean. PP oso eroso dago Komunitatean, baina Kataluinan eta Espainian dauzkaten zorrak ezin dituzte hemengo egoerarekin kitatu.
Abertzaleen artean, batasun eza oraindik ere.
Dena den, zerbait ari da Batasuanaren inguruan. PSOEk sarekada politikoen bidez oso argi utzi du zereginik ez dela ETA deustatu gabe; eta Batasuna politika egin nahi du, ETAz ahaztuta. Nire ustez luze joko du oraindik, guztion zorigaiztorako.
Bien bitartean, Batasunaren duda-mudak medio, Ezker Batua berrindartuta sumatzen dut eta Aralarrek bere bide propioa jorratzen segitzen du.
Nafarroan urak nahasita dabiltza. Hurrengo hauteskundeek argituko dute zer gertatzen den NAbai koalizioarekin, nola egituratzen den eskuinaren esparrua, zer lortu duen PSNk eskuina nabarrista ultraeskuindarra lagunduz, eta, oro har, zein den bakoitzaren gizarte-babesa.
Egia esan, panorama beti bezain nahasia eta harrotua. Pakea, errespetoa, hitza eta lasaitasuna; horra niore leloak.
Ondo izan lagunak
miércoles, 18 de noviembre de 2009
Zalantzatan egon naiz
Segitzea erabaki dut. Ibili eta buelta seguruenik ez da jada inongo irakurlerik izanen eta niretzako bakarrik idazten dudan pertzepzioa daukat. Berdin dio!
BESTE ZALANTZA: Koalizio monarkikoak agintaldi osoa izanen da Ajuria Enean eta Nafarroako Parlamentuan, bainan... kontsolidatzen ari ote da? Edo lubakia gero eta handiagoa da?
jueves, 10 de septiembre de 2009
Ikasturte politikoa ireki da eta nik ere bai irekiko dut blog anarko hau.
Uda beroa izan dugu, PSE-k ezarri duen politika errepresibo berriaren ondorioz. Lau haizeetara zabaldu dute uda honetan ehuntaka salaketa bidali diotela Audientzia Nazionalari, terrorismoaren apologia akusaziopean, aurreko urtean 14 bakarrik izan ziren bitartean. Ah zer lorpena!! Nahiez gero milaka ere bai egin dezakete, aski dute presoen aldeko agiri bat edo beste agertzen duten milaka hiritarretako batzuk, orain arte baino gehixeago, identifikatu eta salatzearekin.
Politika ekonomikoaren inguruan, zaharrak berri. Aurreko gobernu aldian mamitutako ideia zahar batzuk beste ideia sasi-berri batzuekin nahasi eta.. tira! Eredua aldatzeko, egokitzeko edo berritzeko, ideia eta ausardia falta nabarmenak dira.
Ematen du benetako jokoa 2010ko aurrekontuen inguruan izanen dela. Eta, bestalde, Madriden jokatuko dela zergen igoeraren eskutik. Ikusiko…
EAJ-PNV-k lortu egin du protagonismo politikoa, PSE-ri aurre hartuz, bere lankidetza iraunkorrerako eskaintzarekin. Berriro diot, ikusi behar nola kudeatzen duten PSE-k emanen dion ezezko disimulatua.
Nafarroan ere bai, zaharrak berri. Udazken honetan hasiko dira mugimendu esanguratsuak datozen hauteskundeei begira. Alderdi abertzaleek badute zer mamitu eta zer erabaki. Urruti ikusten dut nik inolako aukerarik gobernuan egoteko edo sostengatzeko. Alderdi espainiolen artean, euskal nazionalisten kontra dauketan elkarren arteko laguntza-hitzarmenaz gain, borroka politiko latza zabaldu da gizarte-zentralitatea okupatzeko. Horretan dabiltza CDN, PSN, PP eta UPN. Bien bitartean euskal nazionalistak debereak egin gabe, nire ustez.
Ezker Abertzale zaharrak badu zer pentsatu eta zer erabaki. Ez diet esango zer egin behar duten, baina Lekeitiokoa hondazuloa zabaltzeaz gain, euskaldunon sufrikarioa luzatzeak besterik ez dakar. Eta, gainera, espainioleei mesede galanta egiten die euren politika errepresiboa zuritzeko.
Hurrengo arte, lagunak.
miércoles, 8 de julio de 2009
Mugi-mugi!
EAJ-k mugimendua egin du, orain arteko noraeza utziz eta jarduna bide politikoan zentratuz. Giro politikoan berehala antzeman da jokaldia. Batzuen eta besteen deklarazioen tonua aldatu egin da berehala; hasiera eman dio benetako partidari. Asmatu egin du.
Oso mugimendu interesgarria izan da; oso indartsua, bera bezalako alderdiari dagokion neurrikoa. Batetik Euskadirekiko konpromisoa adierazten du bere lankidetza eskainiz, eta bestetik patata beroa uzten dio PSEri.
Uda ailegatzear dago eta astia hartuko dute batzuek eta besteek erantzuteko. Oporren ondoren aurrekontuen proiektua eztabaidatu beharko da. Orduan ikusiko dugu partidaren garapena.
Nire hipotesia hau da: PSEk ez dio helduko konbiteari; ez da izango nahi ez duelako, ezin duelako baizik. Atzera egiterik ez duen bidea aukeratu zuen eta aurrera egin behar du. Bere aliatua PP da eta hauek baldintzatuko diote geroa. Ez dut uste Zapateroren egoerak Euskadiko norabide politikoan aldaketarik eragingo duenik. Une honetan Zapaterorentzat oso kaltegarria litzateke komunitateko aliatua eta norabide politikoa aldatzea; Espinia aldean bozka askoren galera ekarriko lizkioke, PPri bidea erraztuz.
EAJ-ren mugimendu honek PSEren espainolismo muturrekoa agerian utziko du. Era berean Zapateroren bakardadea ageriagokoa izanen da.
Baina, EAJ-k kudeatu behardu PSEren ezetza disimulatua. Ez da erraza izanen.
Bien bitartean, Nafarroan, bi arte barru izanen diren hauteskundeetarako praestatzen ari gara. Oso udazken interesgarria izanen dugu:
UPN-PPren arteko harremana argitu beharko da. Biek ala biek aski ongi dakite banaketak kalte handia, handiegia, ekar diezaiekela.
PSN-k, UPN-tik politikoki desberdindu beharko du. Gai izanen al da? UPNren besarkada hartzaren besarkada izan da orain arte. Nafarroan ere bai PSN politika espainolista lehenetsi du, beste aukeren gainetik. Iraupena eman dio aukera honek, ez ordea poterea eskuratzeko aukerarik.
NABAI bere barne egituraketa findu beharko du eta barne liskarrak bideratu, bestela bereak egin du. Aralarrek, NABAIko alderdi nagusia dena, nahikoa lana badu bere papera argituz eta bere egitura propioa sendotuz.
EA zertan dagoen ez dakigu. Batzuk EA ofizialean, beste batzuk (gutxi batzuk, ene ustez) Alkarbidean. Une honetan NABAI-ren egituratik kanpo ez luke aukerarik izanen. Bereak eta bi eginen dituzte NABAIri eusteko, baina zerbait utzi beharko dute bidean.
EAJ oso txikia da Nafarroan, Eszisio garaian egitura osoa EAra pasa baitzen. Nafarroan, EAJ eta EA ren arteko berbaturaketa egin beharko litzateke, Euskal nazionalismoaren indar ekuin-zentrista sendoa osatuz.
EB, gutxika-gutxika protagonismoa galtzen ari da, aukera politiko handien itzalpean. Inoren lurrean ibiltze horrek testimonilismoaren ertzean egoten behartzen du.
Batasuna? Laberintoaren irteeraren bila. Irteerarik ez badu aurkitzen, bi urteren buruko hauteskundeetan beste beharaka izanen du. Nafarroan, gero eta eragin gutxiago du.
Politika-zaleontzat udazken interesgarria, alajaina!
Beste bat arte, lagunak.
lunes, 6 de julio de 2009
Nahi eta ezin
Aktore politikoak nahi eta ezintasunean dabiltzala iruditzen zait.
PSE, politika zeharkatzailea egin nahirik, baina PPrekiko morrontzara eta politika frontista egitera behartuta.
EAJ, erreferentzialtasuna eta lidergo politikoa hartu nahirik, baina egin ez dakien oposiziora kondenatuta dago.
PP, Gobernukide eta erreferentziala izan nahirik, baina bigarren lerrora pasaarazi dute.
BATASUNA, legala izan nahirik, baina zokoan entzerratua.
ARALAR, protagonismoa hartu nahiri, baina ohiartzunik topatu gabe.
EA, Abertzaletasunaren erreferentzia izan nahirik, baina urtzen ari da.
EB, inon ere ez.
UPyD, nork daki?
Mapa politikoa "baina" hauek barneratu ondotik egituratuko da. Izan ere gaurkoan nahasmen handia antzematen dut, oraindik orain. Alderdiek ez dute barneratu bere benetako errealitatea. Zenbat eta lehenago egin orduan eta eraginkorrago izanen direlakoan nago.
Nire ustez PSE azkar barnneratuko du politika frontistaren egikaritza. Ez du beste aterabiderik. Naturaltasunez hartuko du, Nafarroan hartu duten bezalaxe. Azken batean, alderdiaren lider batek esan zuen bezala "El PSE trabaja para España".
EAJ galduago sumatzen dut oraindik. Ezin dute luze segitu noraeza honetan. Ez dute barneratu oposizioaren egikaritza. Ez badute jokabidea argitzen, PSEri lana erraztuko diote.
PP erosoago dago. Luze gabe hartuko du Arabako diputazioaren bidez, eskatzen ari den protagonismoa.
ARALAR, lasai dago. Baina ezin du luzatu hauteskundeen ondorengo motelaldian. Zaia izanen zaio independiente izatearen eta besteekiko lankidetzaren arteko orekari eustea. Alderdi nagusien "edo nirekin edo nire kontra" exijentzia kudeatu beharko du.
BATASUNAk, laberintoaren aterabidea non dagoen badaki. Erabaki beharko du haren bila joanen den edo galduta segi nahi duen.
Alderdi guztiek oporraldiaren beharrean daude, euren barneari begiratu eta geroa argitzeko.
Hala izan bedi!
Hurrengo bat arte, lagunak.
lunes, 8 de junio de 2009
Europear hauteskundeak: ba dago zer erranik
Beti badago ondoriorik; ondoriorik ez izatea, ondorioa izanen bailitzake. Hona nireak:
1. Abstentzio handia izan da (% 55 inguru) Oro har, hiritarrok urruti ikusten dugu Europa politikoa. Askotxo dago egiteko, oraindik. Nik aspektu bat azpimarratuko nuke: Europa politikoaren identitate falta. Hauteskunde eta gobernu sistemak ez dute laguntzen identitatea sendotzen, eta honen ondorioz, parte hartze ahula dugu oraindik. Edonola ere neu baikorra naiz; pausoz pauso eraikiko delakoan nago. Orain arte honelako batasun politikoen eraikuntza oso arazotsuak eta, askotan ere bai, gerrateen ondorioa izan dira. Europa eraikitzen ari da bake garai batean, nazionalismoen gainetik. Erraza ez da izanen, beraz. Baina, prozesu endogenoa da eta bake bidean egina. Lortutakoa ez da makala.,
2. Eskuinaren nagusitasuna erabatekoa izan da. Azken batean ezkerraren krisiaren isla. Garai honetan ezkerra ez da gai izan aukera ideologiko berritzailerik plazaratzeko. Eskuinaren politiken jarraitasuna, besterik ez du egin. Bere aldarrikapena azken urteetan ahuldu den babes sozialari eustea besterik ez da izan. Aukeran, gutxitxo.
3. Espainian, Europako joera baieztatu egin da. Baina PSOE eta PPren arteko diferentzia ez da oso nabarmena izan. Beraz, ezpatak goiti daude. PSOEren krisiaren kudeaketak, eta krisiaren bilakaerak, eragingo dute datozen hauteskundeen emaitzetan. PP ez du lortu garaipena aseguratzen dion distantziarik; eta PSOEk kezkatzeko arrazoirik badu.
4. Euskadiko Komunitate Autonomoan, EAJ-k eutsi dio momentu zail batean. Dena den badu zer pentsatu. Izan dituen emaitzek analisi pausatua eskatzen dute. Lerro hauetan faktore baten eragina azpimarratuko dut, faktore nagusia izan ote den esan gabe. Hauteskundeei ekin die liderrik gabe. Irudietan oinarritzen den politika garai honetan ez da makala erakutsi duten ausardia. Dena den emaitza hauek zer pentsatu eman behar diete. Ezin dute luze atzeratu Ibarretxeren ordezkoaren hautapena, ofiziala hala ofiziosoa.
Nafarroan testimonialismoaren esparruan daude. EAJ-ren etengabeko suspentsoa. Noizbait hausnarketa sakona egin beharko dute lurralde honi buruz eta historikoki izan duten estrategia-errakuntzari buruz.
5. PSEk emaitza onak izan ditu. Hautesleriak ontzat jo du egin duten aukera gobernuari begira; nahikoa kontent egoteko. Baina, hala ere, ez dute aurkaria gailendu; eta nazionalizmoa, oraindik orain, oso present egon da, hauek bezalako hauteskundeetan. Beraz, aurrera segitzeko motibagarri. Nafarroan kontsolidatu egin dira bigarren indarra bezala. Burua altxatzen ari dira, Nafarroa-Bai koaliziaren kaos ideologikoak lagundurik. Oro har, PSOE Hego Euskal Herriko indar nagusia da.
6. PPk Euskadin baleko emaitzak izan ditu; besterik ez. Gobernuaren aurreko jarrera PSEk kapitalizatu du. Zer pentsatu emango die, eta ez ninduke harrituko akordioaren bi aldeen arteko diferentziak eta profil baxuko liskarrak areagotuko balira. PPk distantziak markatu beharko ditu eta akordioari lortutako lorpena begitandu. (Ai ama, Arabako diputazioa!). Nafarroan oso emaitza onak lortu dituzte. Lehen indarra izan da, zalantzarako zirrikiturik utzi gabe. Interesgarria geratzen da Nafarrontzat PP eta UPNren arteko erlazioa datozen hauteskundeei begira.
7. Ezker Abertzale zaharrak oso emaitza onak lortu ditu. Hor daude, ilegalizazio eta bestelako erasoen gainetik. Dena den, inork ez du bere burua engainatu behar: hauteskunde hauetan oso erraza izan da II-ri bozkatzea. Nire ustez halako erantzun-bozka mugimendua izan da. Hau da, Aralarri joandako bozka askotxo, oraingoan IIri joan dira, nire inguru hurbilean ikusi ahal izan dudan bezala. Nire ustez, egon bada bi arimen artean mugitzen den hautesle sektore garrantzitsua. Dena den alderdi nagusiek aintzat hartu beharko dituzte eman diren zenbakiak. Ezkutatzeko joera izanen da, baina zenbakiak hor daude. Nire ustez emaitza hauetan lagundu egin du hauteskunde garaian pertsonen kontrako atentaturik ez izanak (zorioneko egoera dudik be).
8. Aralar/EA-k helburua bete dute, parlamentaria eskuratzen lagunduz. Hauen hautua oso pragmatikoa izan da, pragmatikoa ez den hautesleri batetan oinarritzen direlarik. Argi geratu da Aralarrek bide luzea egitekoa duela, baina Irazabalbeitiak eginen dituen hilabeteak oihartzuna emanen dio alderdiari. Ezker Abertzalearen beste arimarekiko harremanak, beti arazotsuak eta baldintzatzaileak izanen dira. Hala eta guztiz ere, mapa politiko zail honetan, zerotik hasirik espazio bat zabaltzeak badu meritua; eta ez gutxi. Oraingo hauetan ere bai, bere espazioa zabaldu du. EAk nahikoa lan badu barruari begira.
9. UPyDk ere bai bere tokitxoa egin du. PPtik eta PSOEtik edanez eta haiekiko inkonformismoa jasoz. Identitate ideologiko propiorik lortzen badute, baliteke bere tokia izatea, mapa politikoaren zentroan.
Honenbestez:
- Europak proiektu politiko erakargarria landu behar du.
- Eskuinaren haizea nagusitu egin da argi eta garbi. Ezkerra krisian itota dago.
- PSOE eta PP, ezpata goiti. Berdinketa teknikoa alde baterantz jo du, baina ez atzera bueltatzeko adina.
- EAJ-k egoera berrian kokatu behar du. Muebleak salbatu ditu, baina zer pentsatu eta zer eginik ba du.
- PSEk pozik egoteko emaitzak izan ditu. Nafarroan, PSN-k emaitza onak izan ditu ere bai.
- Euskadin, PP bere horretan dago, ez aurrera eta ez atzera. Nafarroan, beti bezala, nagusi.
- Ezker Abertzale zaharrak badu bere esparru propioa.
- Ezker Abertzale berriak bere lana egiten ari da, poliki-poliki baina gera gabe.
Konklusio bat:
Euskal Herria eraikiko bada lau hanken gainean eginen da (Esker-eskuin espainiarra / ezker-eskuin euskotarra), edo ez da eginen.
Eta galdera bat
Posible al da lau hanka hauek ados jartzea proiektu konpartitu batean?
viernes, 15 de mayo de 2009
Gobernualdia hasi da
BAT // Ibarretxeri agur egin diogu eta Lopezi ongi etorria. Hamar egun aski izan dira urak bere lekura itzultzeko. EAJren aldarrikapenak gozatu egin dira eta PSEren errebantxismo tankerako adierazpenak desagertu. Joko politikoa hasi da. Bazen garaia!!
PSEren lehenengo mugimenduak lan-taldeak aldatzea izan da. Hala dagokio eta halaxe egiten ari da. Aldaketa begi bistakoa izan dadin saiatzen ari da, pertsonak aldatuz. Ondo jokatzen ari delakoan nago. Noski, ikustear dago euren kudeaketa gaitasuna tokatu zaien aldi zail honetan.
EAJ oposizio lana egiteko lekuan zentratzen ari da poliki-poliki. Ondo mugatuko duelakoan nago. Orain arte egindakoa ontzat ematen dut nik:
1.- Oposizioa lideratzeko irudi baten agerpena atzeratu du. Ez da unea. Ondo neurtutako erabakia. Baina ezin izanen du gehiegi atzeratu. Luze gabe gizarteak berak eskatuko dio galderari erantzutea. Momentuz ongi dago; baina ongi neurtu beharko dute legealdiaren "denbora": ez goizegi; ez beranduegi.
2.- Ditxosozko web orriarekin PSEk eginiko hanka sartze galanta, ondo markatu dute. Honela jokatuez gero, protagonismoa ez zaie faltako. Goizegi izan daiteke beste motatako ekimenak hartzeko.
3.- Negar egiteari utzi diote. Ondo.
BI//Greba polititzatzen ari da. Hasieratik izan du kutsu politikoa, baina egunez egun are eta gehiago hartzen ari da. Alderdi politiko guztiak posizionatu egin dira honen aurrean, ia ia sindikatuei eurei protagonismoa kenduz. Nere ustez soberazko arrazoiak badira greba egiteko. Politika zaleok adi egonen gara PSEren kudeaketa lanarekin. Lehenengo testa izanen da beraientzat.
HIRU// Penatuta nago, oso. Krisi ekonomiko honetan, ezkerra (adierazpen zabalean) erabat desagertuta dago. Ez dago proposamen berritzailerik; ez dago debate ideologikorik. PSOEk berak mahaian jarri dituen neurriak, eredu ekonomikoa indartzea beste helbururik ez dute. Bizitzen ari garen krisi honek kapitalismoa indartuko du. Krisi artifiziala!!
LAU// Pakegintza. Zerbait gertatzen ari den susmoa dut. Ez dut uste une hauetan inor fribolizatzen ausartuko denik gai honekin. Beraz, friolizatzen ari ez badira, esan direnak esan... Nik ere ez dut fribolizatuko. Esateko asko nuke, baina hobe isilik egotea publikoa izan daiteke pantaila honetan.
Animoak eta ekin, pakea behar dugu eta.
Besarkada bat politika maite duten lagun guztiei. Hurrengo arte.
jueves, 30 de abril de 2009
Agur t'erdi Lehendakari
Niretzat Lehendakari haundia izan da. Jakin badakit pertsona publikoengan dimentsio guztiak batera doazela eta hala baloratu behar direla, baina blogak nork bere buruari baimen bereziak ematekoak dira, eta halaxe egingo dut. Beraz Ibarretxe jaunarengan bi dimentsio bereziko ditut: politikoa eta gizakoia.
Dimentsio politikoari dagokionez, gaur egun Euskadik duen egoera sozio kulturala oso ondo adierazten du bere ibilbidea. Oro har Herrialde hau modernizatu egin da, ekonomia garai berriei egokitzeko dinamika integratzen jakin izan du, Hezkuntzak oro har hiritarren behar eta eskakizunei erantzuten die, osasun zerbitzuek eusten diote giza-eskakizuna asebetetzeari, gizarte zerbitzuak zabaltzen ari dira, azpiegiturak garatzen,... Oro har "ongizate-egoera" hiritar gehienengana iritsi da.
Euskal kultura, euskal hiztunak, euskal identitatea alegia, integratu egin da. Nazionalizmoari buruzko debate soziala normalizatu egin delakoan nago. Diktadura batetik etorririk eta izugarrizko transformazioak ezagutu duen herria izanik, globalizazioaren inertziari alto egin dio eta identitate propioari eutsi. Ez da makala!
Batzuekin eta besteekin gobernatzen eta akordioak egiten jakin izan du.
Zer falta izan zaio ibilbide honetan? PAKEA. Estatutu berria eta kontsultaren ekimen politikoak, biak ala biak, pakerantz orientatuko proiektu ondratuak izan direla deritzot.
Ez dut ahazteko Juan Joseren duintasuna Espainiako Kongresuan bere Estatu berriarentzako proiektua defendatzerakoan. Duintasuna... eta bakardadea. Baina Euskadiren identitatea aurretik.
Gizatasunari dagokionean ez dut uste bera bezain gizakoia eta ondratua den inongo pertsonek zanpatuko dituenik Ajuriaeneko alfonbrak. Gizon gardena, egizkoa eta sentibera.
Bestalde oso pertsona azkarra (listoa), sen politikoaz jantzia. Ederki mugitu da etsaiez osaturiko basoetan. Hauteskundeak irabazi zituen. A ze alukeria hainbat eta hainbatentzat. Agian baita alderdikide askorentzat (ez irabaztea, bai ordea halako diferentziaz irabaztea).
HURRENGO ARTE, LEHENDAKARI!!
Kritikak hurrengo baterako utziko ditut. Egia esan gaurko agur giroak ez dit errazten kritika zeregina betetzea.
Eta agur berro-bero bat irakurle berriei. Hemendik konbidapena luzatzen diet Juan Jose Ibarretxeren agintaldia baloratzeko; nik erantzungo.
Besarkada bero bat denei.
lunes, 20 de abril de 2009
Hiru galdera eta gehiago
Aspalditxo ez dut ezer idatzi. Izan ere zalantzetan ibili naiz segituko ote nuen asamakizun honekin. Atzo lagun batek bloga irakurri duela esan dit eta horrexek animatu nau beste aldi batean aurrera egiteko.
Hiru galdera:
1. Noiz arte eutsiko dio PSE-k PPren presioari Arabako aldundian aldaketa gauzatzeko?
Nire iritzia: urte honen barruan egingo da, uda ondotik.
Beste iritzirik?
2. Gai izango al da EAJ oposizio trinkoa egiteko?
Nire iritzia: Bai.
Beste iritzirik?
3. Gai izango al da PSE frontismoren lerroa hausteko eta zeharkako politika egiteko?
Nire iritzia: Ez. Ez du bidaiderik topatuko.
Beste iritzirik?
Eta beste galdera asko:
Bukatu al da ziklo nazionalista Euskal Komunitate Autronomoko gabernuan, aldi luze baterako?
Gai izango al dira alderdi txikiak bere eremua berrantolatzeko?
Hurbil al dago pakea?
Gai izango al dira Ezker Abertzaleko bi arimak elkarrenganatzeko?
Eta dibertimendu txiki bat:
Inork al du kotileorik Patxiren agendan dauden izenei buruz?
Hurrengo arte, lagunak. Besarkada bat denoi.
viernes, 13 de marzo de 2009
BIHURRIKERIAK
Airean dago oraindik Arabako lurraldeko EA eta PSE ren artean disputatzen ari diren azken parlamentaria. EA-rentzat 2gna da; PSErentzat 25gna litzateke. Bientzat garrantzitsua, EArentzat presentzia bikoiztea da; PSErentzat UPyDrekiko loturaren menpekotasunetik libratzea da.
Horiek horrela López tematuta dago lehendakaritzarekin. Bestalde, preso dago ere bai. Aparato konstituzionalista oso-osoa atzetik dago eta berak ezin die hutsik egin. Poterera eramanda, ondoko urteetan txotxongilo modura badarabilte, PSErenak egin du. Aldez edo moldez legealdia bukatuko du, zer erremedio! Baina hitzarmen ezkuturik ez bada (eta litekeena da), batzuen eta besteen artean itoko dute.
Zapatero bera preso geratzen ari da jokaldi honetan.
Aralar aske geratzen da bere proposamen politikoak plazaratzeko. Agian ere izanen al da gai bere ahotsa etzunarazteko!!
EAJ haserre dago. Eta haserretzeko arrazoiak badauzka. Izan ere PSOE-k traizioa egin dio. EAJ-k, Loiola eta Arantzatzuko peke-saioen porroten ondotik, txintik erran gabe alderdien legea onartu zuen, terrorismoaren kontrako borrokarako tresnatzat eta marko horretan kokaturik. Kanpaina osoan ez du lege honen kontrako adierazopenik egin, horretarako bortxaturik izan ez bada. Eta garrantzitsuena, legea izanik ere, hauteskundeak zilegiztatu ditu bere parte hartzearekin. Gainerakook atzetik, berdin egin dugu. Baina, hara non, PSOE-k legearen erabilpen bihurria egin du , eta terrorismoaren kontrako borrakaren markotik aterata, legea bera poterea eskuratzeko probetxatu du. Nago, joko arauak hautsi egin dituela eta marra pasa egin duela. Hau ez da soilik terrorismoaren kontrako borroka, hau da gizartearen borondatea faltsutzea eta laburbide tranpatiak erabiltzea poterea eskuratzeko eta EAJ kanporatzeko.
Gehiegi, txo! dena den, Nafarroakoa izan ondoren, jakina, ez dira fidatzekoak. Inoxente, inoxente gu guztiok!!
martes, 3 de marzo de 2009
KINIELA -bigarren partea-
Igaro da hauteskunde eguna eta jada emaitzen inguruko berriak zaharkituta geratu dira. Dena den hau ez da eguneroko berriari atxekitutako egunkari komertziala, erakuskeria pitin batez blaitutako pertsona baten denbora-pasa baizik. Honenbestez ez nau hainbeste arduratzen gaurkotasunak.
Denbora-pasa honetan alderatuko ditut nire kiniela (ikus aurreko sarrera) eta izandako emaitzak. Hona:
ALDERDIA NIRE KINIELA EMAITZA ALDEA
EAJ-PNV ------ 28---------30------- +2
PSE-EE --------24--------- 24-------- =
PP------------- 15 ---------13 ------- -2
ARALAR -------3 -----------4 ------- +1
EA -------------2 -----------2--------- =
EB------------- 3 -----------1 -------- -2
UPD -----------0 -----------1--------- +1
Goazen orain analisiarekin:
EAJ-PNV – Bejondeiela!! Zoriondu beharrean nago. 28 eman nizkien eta 30 lortu dituzte. Alderdiak politika sena eta heldutasuna erakutsi ditu. Barne liskarrak ondo kudeatu dituzte, eta behar zen unean trinko agertu dira liderraren inguruan. Ibarretxe jaunak lidergo sendoa erakutsi du. Hainbeste urteren ondoan honelako emaitzak lortzea oso meritu handia erakusten du eta, bestalde, zenbaki hauek ondo egindakoaren ondorioa dira. Nire uste apalaz, oro har boto emaileen konfiantza dauka EAJ-k datozen garaiak gobernuan emateko. EAEko mapa politiko konplexuaren erdiko guneari eutsi diote. Hala ere ez dute nahikoa laguntzarik gobernuan jarraitzeko. Nahita edo nahi gabe ETA eta PSOEren artean eratutako tranpan kateatuta geratu dira.
Nire kinielan ere bai irabazle eman nien, bigarrenarekin 4 parlamentariren aldearekin. Ezin esan urrun nenbilenik, baina... asmatu, ez nuen asmatu.
PSE_EE – Itxaropenak bete dituzte. Aukera ondo profitatu dute eta gora egin dute. Alderdi kohesionatua dela eta hiru lurraldeetan presentzia garrantzitsua dutela erakutsi dute. Hala ere ez dute erakutsi nagusitasunik. Izan ere EAJ-PNV nabarmen nagusitu zaie.
Alderdi honen emaitzekin asmatu nuen.
PP- Behin eta berriz erakusten ari dira gizarte oinarri tinkoa dutela. Izan duten beherakada oso erraz azaltzen da EAJ eta PSEren arteko polarizazioarekin batetik eta UPDren agerpenarekin bestetik. Ondo kudeatu dute Maria San Gilen erretiratzea. Espainiartasunaren ikurra bilakatu dira. PSOEren dohaineko makulua, itxurakeriak tarteko, gobernua osatzeko.
Nire kinielan bi parlamentari gehiago eman nizkien. Ez nuen behar bezala aurreikusi UPDren eragina.
ARALAR – Zorionak!! Bere unea iritsi egin dela ematen du. Oinarria zabaldu dute hiru lurraldeetan. Lau langile on-onak sartu dituzte parlamentuan. Bere liderrak sendotzen eta trebatzen ari dira politikari profesionalen eremuan. Jakina, ARALAR xume bat ongi datorkie alderdi eta indar nagusi askori; ARALAR sendo bat alderdi deseroso eta mehatxagarria bilakatzen da.Ondo kudeatu beharko du bere arrakasta.
Lortu du burua agertzea eta sentsibilitate ezkertiar, nazionalista eta zibilaren etxea bilakatzea. ETAren mundutik urrunduta eta plataforma politikorik gabe zeuden pertsona asko hurbildiko direlakoan nago. Ezker Abertzale Berri baten jaiotza eta konfirmazioa izanen dira ondoko lau urteak.
Hiru parlamentari eman nizkien; lau lortu dituzte. Nire aukera izanik, ez nuen uste hainbeste lortuko genuenik.
EA – Identitate falta duen alderdia delakoan nago. Batean ezkerra, bestean sozialdemokrazia, ondokoan eskuineko politikak egiten dituzte. Bestalde, polo soberanistaren inguruko diskurtsoa sinesgaitza suertatu da EAren ahoan. EAJ dute jatorria eta hura da haien etxea eta politika erreala. Ibarretxek hartzaren besarkadako besoak ireki eta haiek onartu.
Kinielan, alderdi honi dagokionean, asmatu nuen
EB – Nire errakuntza nabarmenetakoa. Hauek ere bai hartzaren besarkadaren zaurien ondorioak ordaindu behar dituzte. Bestalde, abertzale eta ez-abertzaleen arteko dialektikari helduz, beren posizioa ez da argi transmititzen. Ni baiezkoan nengoen; beren autodeterminazioaren aldeko jarrerak bereiziko zituelakoan nengoen; nonbait, ez da nahikoa. Bipolarizazio jokoan, argiago suertatu da PSEren aukera. Baina, geroa oso antzeko egoerak ekarriko ditu eta euren posizioa ez badute zuzentzen, testimonialismoaren ertzetik mugituko direla uste dut.
Kinielan, alderdi txikien kasuan bi parlamentariren diferentzia zenbat suposatzen duen aintzat harturik, huts egin nuen.
UPD – Nahiz eta inkestek parlamentari bat aurreikusi Arabaren eremutik, ez nuen uste lortuko zutenik. PPren unibertsoko bozkak direlakoan nago (Unidad Alavesaren kulturatik eratorriak). Beraiek ez baleude, PPk parlamentari bat gehiago luke. Bene-benetan luze gabe desagertuko direlakoan nago. Txikitasunean, ez dira mehatxu; hazten badira alderdi espainiar-zale nagusiek, era batera edo bestera, janen dute.
Kinielan ez nuen asmatu UPDri dagokionean.
Eta geroan, zer?
KINIELA, Bigarren partea.
Nor izanen da hurrengo lehendakaria?
Nire ustez Patxi López izanen da. Zergatik? Amparo, Arantxa eta haiek bezalako beste politiko asko kartzelara eramatea erraztu eta zirkinik egin gabe ikusi dituenak, ez du bada gobernua hartuko? 100.000 boto sistematik kanpo utzi dituenak, ez du bada boterea hartuko? Nahi eta nahi ez, behartuta dago. Ez dira alferrik honaino iritsi.
Bestalde, botere politiko eskuindar eta espainiar-zale guztiek behartuko dute Lehendakaritza hartzen. Prentsa espainiarra leitzea besterik ez da behar. Era berean, Patxik izan ditzakeen zalantzen aurrean, hasi da nabarmen egiten PPren presioa. Botere guzti hauek, honaino iritsita, ez daude prest aukera galtzeko, eta Patxi da beren aukera. Bestalde, Patxik ez du kezkatu beharrik, komunikabide espainiar-zaleek zilegitasunik gabeko aukera zuritzeaz arduratuko dira, zintzo eta fin.
Egun hauetan aniztasuna hitza barra-barra erabiltzen ari dira politikariak. Erkidego Autonomoko honen aniztasuna ordezkatuta egongo al da hurrengo gobernuan? Sikiera ere, ordezkatuta egongo al da hurrengo parlamentuan?
viernes, 27 de febrero de 2009
KINIELA
Gaur bukatzen da EAEko hauteskunde kanpaina. Gaur goizean egon naiz gosaltzen Ezker Abertzale Ilegalizatuaren unibertsoko bi lagunekin. Igandeko balizko emaitzei buruz galdetu egin diet. Euren tristura, etsipena, desmotibazioa eta gogogabetasuna, nirekin aritzeko gai honi buruz, nabarmenak izan dira.
Ez dut nire baitan inolako errudun sentimendurik. Baina neu ere bai goibel samar nago daukagun egoerarekin. Partaidetza normalizatua izan duten (dugun) alderdietako bakar batek ere ezin ezingo du ordezkatu gizarte sektore garrantzitsu honi dagozkion ahotsa eta erakunde-ordezklaritza. Lekua bete, beteko dugu; ordezkatu inola ere ez. Eskasi demokratikoa izanen du hauteskundeen ondoren eratzen den parlamentuak.
Baina gai korapilatua utzirik, politikaren alde ludikoari helduko diot: nire kiniela botako dut!!
Hona:
EAJ-PNV: 28 parlamentari
PSOE: 24
PP: 15
EB: 3
Aralar: 3
EA: 2
Igandeak erranen!
Nor ausartzen da besterik botatzen?
Emaitza edozein dela ere, eratorritako parlamentua ez da izanen gure herriko aniztasunaren adierazle.
Pake- bidea aniztasunaren onarpenean dagoelakoan nago: hain erraz eta hain zail.
domingo, 22 de febrero de 2009
J.I.lagunak idatzitakoaren gainean
Juan Ignacio lagunak EAEko hauteskundeen bultzadaren eraginez egituratzen ari den mapa politikoari buruz analisi politiko zehatza argitaratu berri du BERRIA paperezko egunerokoan.
Analisi arrazionala iruditu zait, errealista eta ondo zentratua. Honela adierazi diot berari eta zoriondu egin dut. Begi zorrotza du nire lagunak eta bere analisiak maiz agertzea espero dut. Artikulu honen haritik berak komentatu egin dit, idatzian agertutakoaz gainera ezker politikoaren berregituraketa dinamika antzematen duela. Ez dugu aukerarik izan gai interesgarri honi buruz aritzeko. Horren faltan bihoaz hausnarketa pertsonal labur batzuk euskal ezkerraren berregituraketaz.
Lehenik eta behin, bat egiten dut Juan Ignacioren iritziarekin: euskal ezkerra berregituraketa prozesua bizitzen ari da. Mugimendu honen ardatzak, nire ustez, hauek dira:
1.-Euskal Ezker Espainiazaleak baztertu du politika frontista oldarkorra. Eskuin espainolarekiko alde ideologikoa zabaldu du; identitate “baskistagoa” agertzen du adierazpen publikoetan; politika sozialak aldarrikatzen ditu,… eta oro har, kataluinaren eredua jarraikiz, espazio aurrerakoi, euskalzale moderatu eta integratzailea okupatu nahi du. Zaila da esatea zein den euskal unibertso politikoaren erdigunea, baina ezker espainolazale hau espazio honen bila mugitu delakoan nago. Berregituraketa ideologikoa bizitzen ari gara, Zapatero zein Patxi Lópezen eskutik.
2.-Ezker Abertzale Nagusiak, bere lerroak estu kontzen ditu; trinkotuta daude bere oinarrizko hastapen ideologikoen inguruan. Baina, nago, noraezean dabiltzala estrtategia eta taktika politikoa finkatu nahirik. Bi galga astun dituzte, Espaina Erresumaren eraso etengabea eta ETArekiko lotura anbiguoa. Ez dirudi bata zein bestea geldituko direnik epe txikian. Honek higatuko du aukera politiko hau, geldi-geldi baina eten gabe. Bestalde, ETAren jardueraren jasanezintasunak gero eta militante gehiago aldetzen ditu. Ezker Abertzale sektore hau bizitzen ari den zurrunbiloak militantziaren trinkotasuna eragiten du batetik, baina, bestetik, gizarte laguntzaren higadura ere bai. Eta, luzera, azken hau da garrantzitsuena politikan eragiteko.
3.-Eusko Alkartasuna, sorreratik beretik, kontraesanen artean garatu du bere proiektu politikoa. Sorburua, EAJ izanik, harekiko hurbiltasun ideologikoa ezin ezkutatzekoa da. Ezker Abertzalearen esparruan izan den alternatiba pakezalearen faltak, sektore ezkerzale batzuk EA-ren unibertso txikira hurbiltzea erakarri zuen. Baina, gutxiengoa da EAren lerroetan, eta ez dira aski alderdi honi identitate ezkerzalea atxekitzeko. Hauteskundeen aurreko EAJrekiko hausturak kalte handia eginen dio. Nire ustez, higadura nabarmena jasanen du. Ustezko emaitza negatiboek areagotu ditzakete porrot pertzepzioa eta barne liskarrak. Geroari begira deskonposatzen ari den indarra dela ematen du.
4.-Ezker Batuak espazio ideologiko propioa duela iruditzen zait. Espazio hau txikia delakoan nago ere bai, baina leiala. Hauteslego militantea du, ezker arima duena. Ez dira nazionalistak, baina autodeterminazio eskubidea aitortzen diote Euskadiri. Horra ezaugarri ideologiko definitzailea. Bere txikitasunean, argi-argia da. Eta horrek PSOE-tik urruntzen du, bai eta nazionalismotik ere bai.
5.-Aralar da, niretzat, galdegai nagusia hauteskunde hauetan. Aralar haziz doa, baina oso-oso mantso. Ikustear dago Euskal gizarteak ematen dion babesa. Alderdi hau abertzale, ezkertiar, independentzia-zale, eta zibiletzat aurkezten du bere proiektu politikoa. Zenbat bozka etorriko zaio ETArekin nazkatu den Ezker Abertzale Ofizialaren esparrutik? Zenbat bozka etorriko zaio EAren alde ezkerzaletik? Zenbat bozka berri hartuko du? Zenbateko sinesgarritasuna sortzen du bere proiektu politikoak?
Honenbestez, Ezkerraren esparruan PSOEK hartu du zentrorantz orientatzen den espainiartasun eta aurrerakoitasun moderatuen eremu zabala. Nazionalismoaren eremuan ezkerraren unibertsoa konplexuagoa da; mugimenduak mantsoagoak dira, baina, agian, hauteskunde hauek bultzada bat emanen diete joera berritzaileei. Poliki-poliki Aralar haziz doa eta Ezker Abertzale Ofiziala higatzen ari da. EAko militanteek beraiek erabakiko dute noiz arte iraunen duen gerorik gabeko proiektu politikoa. EB testimonialismoaren ertzetik mugituko da, baina eutsiko dio. Nire ustez Aralar-ek izanen du zeresan handia gure gero hurbilean. Agian ez da oraindik iritsi bere unea, baina lehen edo gero, iritsiko zaio.
viernes, 20 de febrero de 2009
Konpromisoari eutsiz,besterik ez
Utzi ditzagun txorakeriak. Nire buruari astean behin idazteko konpromisoa ezarri diot, eta gaurkoan, ideia handirik gabe heltzen diot zereginari.
Hauteskundeak: politika maite dugunontzat egun politak dira. Eztabaidak, hauteskunde programak, eskutzitzak, iragarkiak,... eta bukatzeko, bozketa egun kizkigarria. Elkarrekin itxarotea, tentsioa, emaitzak tantaka, telebistetako matrakak, elkarrizketak, soziologo guztijakitunen analisiak... Uf... Txute bat!!
Baina... zenbat etsipen, zenbat tristura, zenbat sufrimendu,... Zenbat lagun kartzelan, zenbat lagun mehatxupean, zenbat lagun bizkarzainez lagunduta...
Urruti dugu aniztasunean bizitzeko ikasgaia
lunes, 16 de febrero de 2009
Amorrua
Benetan, Espainiako erresumak zabaldutako tranpan ez ote garen erori susmoa daukat. Denborak argituko digu.
Nik neuk argi daukat PSOE-k eta PP-k desligitimizatu dutela joko demokratikoa. Eta luzera denok ordainduko dugu, denok GAL-en pasarte madarikatua ordaindu egin dugun bezalaxe. Estatuak, Galen bidez, Biolentziaren apologia eta aldarrikapena egin zuen bezala, oraingoan ere bai norberaren komenentziaren arabera mugatutako demokraziaren apologia egiten digu. Estatuak, bere nahien arabera hautatzen baditu demokraziaren partideak, erakutsi egiten digu, behin eta berriz, hala jokatzea zilegia dela. Lekzio ederra, halajainkoa!!
Demokraziak ez du laburbiderik; inongo aldetik ere.
viernes, 13 de febrero de 2009
Arantxa
Soluzioa, eskaintza.
Gogoan dut bere bila joan izan naizenean beti gertu topatu dudala hitz egiteko, baita lankidetzarako ere hala egokituez gero.
Ezkertiartasuna muinean eta Euskal Herria ariman.
Erresumak eraman zaitu. Erresumak lapurtu digu zure hitza.
Zure falta sumatzen dut, Arantxa.
miércoles, 11 de febrero de 2009
Lehendabizikoa 2009ko hautekundeen bezperetan
Zurrunbilo politikoa azeleratu egin da: estatuak bidea itxi nahi dio ezker abertzale muturrekoari, ETAk atentatua egin du Madriden, alderdi abertzaleak sakabanatuta daude, krisi ekonomikoaren atzaparrak hurbiltzen ari dira,... eta jende xehea aspertuta eta politikoengandik urrunduta dagoela ematen du.
Une honek Ezkerraren beharra du. Une honek Euskal Indar Sendo baten beharra du. Une honek Politika Zizbil eta Pakezaleak behar ditu. Une honek Irudimenaren beharra du.
Gai izanen al gara honelako politikak diseinatzeko eta mugiarazteko?