Pasa dira hauteskundeak. Ondoriorik?
Beti badago ondoriorik; ondoriorik ez izatea, ondorioa izanen bailitzake. Hona nireak:
1. Abstentzio handia izan da (% 55 inguru) Oro har, hiritarrok urruti ikusten dugu Europa politikoa. Askotxo dago egiteko, oraindik. Nik aspektu bat azpimarratuko nuke: Europa politikoaren identitate falta. Hauteskunde eta gobernu sistemak ez dute laguntzen identitatea sendotzen, eta honen ondorioz, parte hartze ahula dugu oraindik. Edonola ere neu baikorra naiz; pausoz pauso eraikiko delakoan nago. Orain arte honelako batasun politikoen eraikuntza oso arazotsuak eta, askotan ere bai, gerrateen ondorioa izan dira. Europa eraikitzen ari da bake garai batean, nazionalismoen gainetik. Erraza ez da izanen, beraz. Baina, prozesu endogenoa da eta bake bidean egina. Lortutakoa ez da makala.,
2. Eskuinaren nagusitasuna erabatekoa izan da. Azken batean ezkerraren krisiaren isla. Garai honetan ezkerra ez da gai izan aukera ideologiko berritzailerik plazaratzeko. Eskuinaren politiken jarraitasuna, besterik ez du egin. Bere aldarrikapena azken urteetan ahuldu den babes sozialari eustea besterik ez da izan. Aukeran, gutxitxo.
3. Espainian, Europako joera baieztatu egin da. Baina PSOE eta PPren arteko diferentzia ez da oso nabarmena izan. Beraz, ezpatak goiti daude. PSOEren krisiaren kudeaketak, eta krisiaren bilakaerak, eragingo dute datozen hauteskundeen emaitzetan. PP ez du lortu garaipena aseguratzen dion distantziarik; eta PSOEk kezkatzeko arrazoirik badu.
4. Euskadiko Komunitate Autonomoan, EAJ-k eutsi dio momentu zail batean. Dena den badu zer pentsatu. Izan dituen emaitzek analisi pausatua eskatzen dute. Lerro hauetan faktore baten eragina azpimarratuko dut, faktore nagusia izan ote den esan gabe. Hauteskundeei ekin die liderrik gabe. Irudietan oinarritzen den politika garai honetan ez da makala erakutsi duten ausardia. Dena den emaitza hauek zer pentsatu eman behar diete. Ezin dute luze atzeratu Ibarretxeren ordezkoaren hautapena, ofiziala hala ofiziosoa.
Nafarroan testimonialismoaren esparruan daude. EAJ-ren etengabeko suspentsoa. Noizbait hausnarketa sakona egin beharko dute lurralde honi buruz eta historikoki izan duten estrategia-errakuntzari buruz.
5. PSEk emaitza onak izan ditu. Hautesleriak ontzat jo du egin duten aukera gobernuari begira; nahikoa kontent egoteko. Baina, hala ere, ez dute aurkaria gailendu; eta nazionalizmoa, oraindik orain, oso present egon da, hauek bezalako hauteskundeetan. Beraz, aurrera segitzeko motibagarri. Nafarroan kontsolidatu egin dira bigarren indarra bezala. Burua altxatzen ari dira, Nafarroa-Bai koaliziaren kaos ideologikoak lagundurik. Oro har, PSOE Hego Euskal Herriko indar nagusia da.
6. PPk Euskadin baleko emaitzak izan ditu; besterik ez. Gobernuaren aurreko jarrera PSEk kapitalizatu du. Zer pentsatu emango die, eta ez ninduke harrituko akordioaren bi aldeen arteko diferentziak eta profil baxuko liskarrak areagotuko balira. PPk distantziak markatu beharko ditu eta akordioari lortutako lorpena begitandu. (Ai ama, Arabako diputazioa!). Nafarroan oso emaitza onak lortu dituzte. Lehen indarra izan da, zalantzarako zirrikiturik utzi gabe. Interesgarria geratzen da Nafarrontzat PP eta UPNren arteko erlazioa datozen hauteskundeei begira.
7. Ezker Abertzale zaharrak oso emaitza onak lortu ditu. Hor daude, ilegalizazio eta bestelako erasoen gainetik. Dena den, inork ez du bere burua engainatu behar: hauteskunde hauetan oso erraza izan da II-ri bozkatzea. Nire ustez halako erantzun-bozka mugimendua izan da. Hau da, Aralarri joandako bozka askotxo, oraingoan IIri joan dira, nire inguru hurbilean ikusi ahal izan dudan bezala. Nire ustez, egon bada bi arimen artean mugitzen den hautesle sektore garrantzitsua. Dena den alderdi nagusiek aintzat hartu beharko dituzte eman diren zenbakiak. Ezkutatzeko joera izanen da, baina zenbakiak hor daude. Nire ustez emaitza hauetan lagundu egin du hauteskunde garaian pertsonen kontrako atentaturik ez izanak (zorioneko egoera dudik be).
8. Aralar/EA-k helburua bete dute, parlamentaria eskuratzen lagunduz. Hauen hautua oso pragmatikoa izan da, pragmatikoa ez den hautesleri batetan oinarritzen direlarik. Argi geratu da Aralarrek bide luzea egitekoa duela, baina Irazabalbeitiak eginen dituen hilabeteak oihartzuna emanen dio alderdiari. Ezker Abertzalearen beste arimarekiko harremanak, beti arazotsuak eta baldintzatzaileak izanen dira. Hala eta guztiz ere, mapa politiko zail honetan, zerotik hasirik espazio bat zabaltzeak badu meritua; eta ez gutxi. Oraingo hauetan ere bai, bere espazioa zabaldu du. EAk nahikoa lan badu barruari begira.
9. UPyDk ere bai bere tokitxoa egin du. PPtik eta PSOEtik edanez eta haiekiko inkonformismoa jasoz. Identitate ideologiko propiorik lortzen badute, baliteke bere tokia izatea, mapa politikoaren zentroan.
Honenbestez:
- Europak proiektu politiko erakargarria landu behar du.
- Eskuinaren haizea nagusitu egin da argi eta garbi. Ezkerra krisian itota dago.
- PSOE eta PP, ezpata goiti. Berdinketa teknikoa alde baterantz jo du, baina ez atzera bueltatzeko adina.
- EAJ-k egoera berrian kokatu behar du. Muebleak salbatu ditu, baina zer pentsatu eta zer eginik ba du.
- PSEk pozik egoteko emaitzak izan ditu. Nafarroan, PSN-k emaitza onak izan ditu ere bai.
- Euskadin, PP bere horretan dago, ez aurrera eta ez atzera. Nafarroan, beti bezala, nagusi.
- Ezker Abertzale zaharrak badu bere esparru propioa.
- Ezker Abertzale berriak bere lana egiten ari da, poliki-poliki baina gera gabe.
Konklusio bat:
Euskal Herria eraikiko bada lau hanken gainean eginen da (Esker-eskuin espainiarra / ezker-eskuin euskotarra), edo ez da eginen.
Eta galdera bat
Posible al da lau hanka hauek ados jartzea proiektu konpartitu batean?
No hay comentarios:
Publicar un comentario