lunes, 20 de septiembre de 2010

EREDU EKONOMIKOA ETA BESTE

Gaurkoak bi atal ditu: bat, agindutakoa, eredu ekonomikoa; bi, zertzelada labur batzuk egungo egoera politikoari buruz (izan ere nire politika-zaletasunak galbidean narama: ez badut zerbait idazten leher egingo naiz).

1.EREDU EKONOMIKOA

Lehengo batean eredu ekonomikoari buruz idatziko nuela agindu nuen. Hain zuzen ere ekonomia da politikaren esparruan batzuk eta besteak bereizten gaituen ardatzetako bat. Alegia, ardatz honen arabera bereizten ditugu “ezkerrak” eta “eskuinak”. Azken urteetan oso debate interesgarria zabaldu egin da ezkerra-eskuina dikotomia eta ekonomiaren artean dagoen erlazioari buruz. Izan ere eredu komunistaren porrotak batetik eta praxi politiko-ekonomikoa bestetik eredu ekonomiko bakarraren baitan bizi behar dugula sinestaraztera eraman gaitu. Zenbaitetan “beste mundurik” EZ dela bideragarri ematen du. Hala al da?

Nire lagun batek ezkerra eta eskuinaren arteko diferentzia azaltzeko oso eredu erraza erabiltzen zuen: 10 irabazten badituzu, eskuinak bi kentzen dizkizu eta azpiegituretan inbertitzen ditu; ezkerrak ordea, 10 irabazten badituzu, hiru kentzen dizkizu, bi azpiegituretan inbertitzen ditu eta bat politika sozialetan.
Azalpen murritza da, baina oso erabilgarria diferentziak ulertzeko. Noski, gerora datoz kontzeptu bakoitzak dakarren soka luzea: nori kendu, zenbat da “bi” edo “hiru” pertsona batzuentzat eta besteentzat, progresibotasuna (gehiago duenak, gehiago ordain dezala), azpiegitura, “politika soziala” kontzeptuaren esanahia,. Beraz, ez da bakarrik 10etatik bi ala hiru kentzea, kentze horri kudeaketa politikoa erantsi behar zaio.

Eskuinak estatuaren esku-hartzea ahal den gehiena ahultzearen aldekoa da, bizitzaren erregulazioa merkatuaren baitan utzita. Eskuinarentzat bizitzeko beharrezkoak ditugun zerbitzuak negozio aukerak dira, beraz merkatuak erregulatu behar ditu: osasuna, hezkuntza, pentsioak, zahartzaroaren ongizatea. Zerbitzu hauek gozatu ahal izatea, pertsonaren merezimenduaren ordaina da, gozamen pribatua alegia. Estatuak, negozioak egiteko behar diren eta merkatuak erregulatu ezin ditzakeen azpiegiturez arduratu behar du soilik: giza-segurtasuna, justizia sistema, garraio azpiegiturak,… eta negozioa ez diren besteetaz (pobreekiko gutxienezko karitatea esate baterako). Propietate pribatua eta negozioa ahal den gehiena babestu behar dira, pertsonaren baitarekin lotuta baitira. Pentsamolde honen arabera estatuak bi kendu behar dizkizu, negozioak egin ahal izatea bermatzeko.

Ezkerrak aldiz, estauaren esku-hartzea aldarrikatzen du, propietate pribatuaren banaketa konpentsatzailea egiteko. Era berean, bizitzeko beharrezkoak ditugun zerbitzuak, eskubidetzat jotzen ditu. Beraz estatuari egokitzen dio zerbitzu hauek pertsona guztientzako izatea, duin eta kalitatezko: hezkuntza, osasuna, pentsioa, zahartzaroaren zainketa,… Beraz, estatuak gehixeago kendu behar dizkigu eskubide diren zerbitzuak guztiei zabaltzeko. Aldi berean ezin ditu bazter utzi eskuinarekin bat eginda, zaindu behar dituenak: segurtasuna, azpiegiturak (autopistak, kaiak, aireportuak, eraikin publikoak,…). Kalitatezko zerbitzuak eta pentsioak guztientzako bermatuz, ongizatearen estatua eta berdintasunaren aldeko politikak bermatzen dira. Ezkerraren arabera zerbitzu hauek ez dira merezimendu pertsonalaren ondorioa edo borondatearen araberako karitatezko oparia, pertsona izateari lotutako eskubide unibertsala baizik.

Ezkerra eta eskuinaren arteko desberdintze honi, baloreei lotutako beste diskurtso dilematikoa gehitu ahal genioke: erlijio-askatasuna, dibortzioa, abortoa, homosexualitatea, e.a.

Aintzat hartzen badugu honako errana: “egin-egiten duguna gara, ez gara, ordea, pentsatu edo idazten duguna”, GALDERA ZERA DA: NON KOKATZEN DUGU GURE BURUA? non kokatzen dira PP, PSOE, EAJ-PNV, Aralar, EA, EB, eta gainerakoak?

Badirudi krisitik ateratzen ari garela; zein atetik ateratzen ari ote gara, eskuineko ala ezkerreko atetik?


2.POLITIKA, POLITIKA,…

>Mugituko al dira alderdi unionista-nazionalista espainiarrak ETAren azken mugimenduen ondorioz? Sukaldean akaso? Hauteskundeak pasata?
>Gustora dago EAJ Madridek eskaini dion protagonismoarekin. Argi dago alderdi hau agintea eskutan dagoelarik oso ondo egiten duela bere lana, baina oposizioan hanka motz. Oraingo honetan hainbat esamolde etortzen zaizkit burura: “urrititik hamalau, bertara joan eta lau”, “gaurko ogia, biharko gosea” edo “hartzaren besarkada” famatua.

>Gustatu zait niri “diagnostikoa” egiteko ideia. Protagonismoa eman dio, eta PSE-ren irmotasun zentzugabea agerian utzi du. Iniziatiba hartu du, modu disimulatuan. Ez nuke nahi itxurakeria hutsa izatea.

>Honek, txarrerako ala onerako, zera uzten du agerian: ETAren mugimenduek, era batera edo bestera, hauteskundeetan eragina izanen dute. Azken batean sistema batean bizi gara.

>NABAI, NABAI, NABAI,… Zer ote zinen eta zer ote zara? Batzarre deskolokatuta dago edo deskolokatu dute, baina egun hauetako deklarazioen ondoren argi dagoena zera da: uztailetik pasatzen da, aulkiaren truke, ala beste beso batzuetara joan beharko du (IU-ra akaso?). NABAIko beste inork, ez Aralarrek ez EAJk ez Eak, ez du aintzat hartuko bere eskakizunik, ezta urrik eman ere. Badirudi beste alderdiei ez ziela axola Batazrre joatea. Eta hori erabat logikoa da, nire ustez, EAJ edo EAren tokitik begiratuta, baina ARALARrek, ezkerrekoa izanik, bidelaguna galduko du ezkerreko politikak bultzatzeko. Noren eskutan geratzen da NABAI Batzarre alboratuta?

>Azken inkesten arabera Nafarroan UPNk eta PPk lor dezakete gehiengo absolutua. Bestela, UPN-PSN izanen da gobernu koalizioa. Alegia, UPN egon, egonen da Nafarroako ejekutibo foralean. Zalantza da zein hartuko duen bidelaguna: PP ala PSN. Nire irudikoz PP izanen da. Hauek horrela NABAI boterearen aldeko borrokatik kanpo geratzen da. Eragiteko gaitasunik geratuko al zaio? Barne-batasunari eutsiko al dio?

Hurrengo arte lagunak. Besarkada bat.

lunes, 6 de septiembre de 2010

BERRI ONAK

Kaixo lagunak:
Berri onak ekarri ditu iraila honen hasierak. Ez nahi bezain onak, hala ere. Edonola ere nik zalantzarik ez dut berri ona dela ETAk biolentziaren geldialdia iragartzea. Oraindik zalantza askotxo dago (nik ez ditut errepikatuko), baina… beste “baina”rik jarri nahi ez dudanez, puntua jarriko dut..
Nire ustez bueltarik gabeko prozesua da (hala izango al da behingotik!). Borroka armatuak ez du aterabide politikorik, ez du justifikazio etikorik ezta politikorik ere eta, gainera, min handi-handia egiten dio Ezker Abertzale zaharrari. Horretaz oharturik oraingo kontua bukaeraren nolakotasuna kudeatzea, batzuek eta besteek, izango da. ETA poliki-poliki ahulduz joan da eta galbidean sartu du bere burua.. Ez dut uste ezer negoziatu ahal izango duenik (politika mailan, noski, ezer ez; eta desarmeari eta preso eta errefuxiatuen egoera eta ber-gizarteratzeari buruz, ikusi behar).
Abertzale ezkertiarrok aldi berri baten atarian gaude. Gainerakoentzat aldaketa garrantzitsu eta pozgarriak izango dira, hala nola bizkartzainik gabe bizitzea eta askatasunean bizi ahal izatea, baina ez aldaketa politiko nabarmenik. Izan ere, ETAren ahulezia dela medio bere desagerpenak ez du inolako aldaketa politiko nabarmenik eragingo sektore unionista zein abertzale eskuindarren esparruan. Are eta gehiago ETAren jardunak aukera eman die bere posizio politikoa finkatzeko, eta horretan iraungo dute, epe laburrean behintzat.
Ezkertiarrok gaude deituta gure burua argitu eta birkokatzeko. Gure harreman eta sare politikoak definizio berriak izango dituzte. Orain ere bai, ikusi behar nola kudeatzen dugun egoera berria.

NIRE LAGUNEI ERANTZUNEZ

Nafarroako Ezker Abertzalearen izatea oso arazotsua izan da beti. Aralarren proiektua oso ondo definitua dago, baina definizio hau lausotu egiten da NABAIren baitan. Horretaz diot nik Ezker Abertzalea errotzeko aukera galtzen ari garela.
Neuk, “NABAI : bai ala ez?” galderari erantzuna eman izan diot Aralar Nafarroaren baitan behin baino gehiagotan, nire arrazoibideak agertuz. Gaurko une politikoa oso berezia da eta debate sutsu honi ez diot alferrrikako egurrari eman nahi. ARALAR alderdi demokratikoa da, behar den bezala hartuta daude erabakiak. Nafarroan hartutako erabaki taktikoak ez datoz bat nire ikusmoldearekin, baina gehiengo zabal baten iritzia ordezkatzen dute. Beraz hartutako erabakiak ahalik eta hobekien kudeatzea opa diet horretarako ardura bizkar gainean hartu dutenei.
Nire buruari galdetzen diot une politiko honetan NABAI ren gainean inolako debate estrategikorik ireki ote daitekeen. Ezezkoan nago; hauteskundeak atarian daude, programak zehaztu behar dira, zerrendak lantzen hasi beharra dago,… Ez da momentua erabakiak berraztertzeko, erabakitakoa ahalik eta hobekien kudeatzeko baizik.

Lagunak, beste une politiko, edo beste tokia, beharko dugu “NABAI: bai ala ez?” gai interesgarriari buruz eztabaidatzeko.

Ea hurrengoan, agindu bezala, “Proiektu ekonomikoa” gaiaz aritzeko betarik ote dudan.

Besarkada bat, lagunak.