Bai, sozialismo errealaren porrotak erreferentziarik gabe utzi gintuen. Komunismoaren mozorroa hartu duten diktadore gupidagabeek auzo-lotsak eta amorruak jota utzi gintuzten. Fidelen kontraesan gaindiezinek ilundu digute haren proposamena.
Sobietarren errepublikaren atzetik sasi esperimentu sozial guztiak erori ziren, bata bestearen atzetik,oinarririk gabe eraikitako errealitate faltsuak zirela erakutsiz. EEBBen eta Sobietarren arteko gerra hotzak nerabezaroan zeudela txikitu zituzten esperientzia gazteak: Txekia, Txile, Suedia (nork hil zuen Olof Palme?). Kapitalismoaren baitan molestagarriak ez diren erdi bideko esperientzia batzuk loratu dira: kooperatibak, komuna txikiak (Lakabe, Arginaritz,…); ezer ez kapitalaren unibertso zabalean. Bien bitartean aberatsak, gero eta aberatsago, pobreak, gero eta pobreago, eta ase ezinezko kontsumoaren barne grinak martirizatuak. Aberastasuna gero eta esku gutxiagotan biltzen da. Lurra, gero eta eskasagoa kontsumo gosea asetzeko.
Kontraesanek ez digute loa galarazten. Jakin badakigu tanke edo gerra hegazkin baten prezioan Madrileko kale aberatsetan hotzak hilko dituen baztertuko guztiei bizibide duina eman ahal geniekeela. Hain da agerikoa, eta hainbestekoa da ezina. Horrekin bizi gara
Eskuin kapitalistak indartu du bere errelatoa. Ezkerrak ez du errelatorik. PSOEk amore emanda dago, eskuinaren aginduak betearazten. Egun hauetan gertatzen ari dena beldurgarria da. Espainiatik paseatzen ari dira kapitalismo gordinaren goi ordezkari guztiak (aurpegia jartzen dutenak, alegia. Trichet –Europako Banku zentraleko burua-esate baterako). Denak esaten diote gobernuari zer egin behar duen, ozen eta argi, beti ikuspegi bakar batetik abiaturik noski. Gobernua, isilik; irenstekoak erabat zabalduak. Bankuetako goi ordezkariak, garaiak aupaturik, ez dira atzean geratzen agintzeko orduan. Gobernua, segi irensten.
Baina ezkortasunaren ezkortasunaz egoteko zio nagusia wikileaksek eman dit: Jaungoikoaren ordezkari lurtarra Madriden dago, Estatu Batuetako enbaxadan. Haren bulegotik pasatzen da den-dena. Ez da ezer garrantzizkorik egiten haren baimenik gabe. Hari aitortu behar zaio, hari baimena eskatu eta hari barkamena erregutu. EEBBekiko morrontza hainbestekoa dela baieztatzeak, are eta gehiago areagotu du nire ezkortasuna
---------- : ----------
Aurrekontuak tarteko, lasai samar antzematen dut ingurugiro politikoa. EAJ aurre-aurreko borrokari uko eginda, PSOE eroso, PP-UPN lasai. Gainerakoak, ahal dena.
Hurrengora arte lagunak