jueves, 20 de enero de 2011

ETAren JAKINARAZPENA

Kaixo lagunak:

Hamaika buelta eman zaizkio komunikatuari; hamaika tertulia eta iritzi artikulu. Beraz ez naiz ni hasiko horrekin bueltaka, zuzen-zuzenean ondorioei helduko diet, beti ere ikusmolde partikularrean oinarriturik, noski.

Gaudenean gaudela nik ondorioztatzen dudana honakoa da:
1.ETA-k utzi du borroka armatua. Betirako delakoan nago ni.
2.ETA-k ez du bere burua disolbatu. Disolbatzea bidearen bukaeran dogoena da, baina asko dago ibiltzeko (kartzela politika, ezker abertzalearen legalizazioa,...).
3.Betirako desagerpena negoziazio prozesu luze baten ondorioa izanen da.
4.Bien bitartean armak uzte-prozesua itzuli ezina egiaztatu egingo da.

Bestelako ondorioak antzematen ari gara. Alderdiak hasi dira kokatzen ETAren ondorengo garaian eta hasi dira jada posizioak markatzen. Noski, zurrunbiloaren gune gogorrena ezker abertzalearen esparruan kokatzen da. Orain arte Ezker Abertzale ilegalizatua izan da indar nagusia esparru honetan. Hala ere ETAren izate hutsak aurre-bidea eman die beste indarrei (EA-ko ezker sektorea, Aralar, eta beste talde txikiak). Egun, ilegalizazioaren ondorioz, ez dakigu zein den bakoitzaren gizarte zola. Bestalde urteetan zehar batzuek eta besteek zaindu eta heldu dituzten kultur politikoak oso desberdinak dira. Beraz, gaur egun ikusten ara gara benetako borroka politikoa irekita dagoen EZKER ABERTZALEko mugimendua lideratzeko. Aralar, Ezker Abertzale ilegalizatua, EA, Alternatiba, Batzarre,… denok nahi dugu lidergoa berregituraketa prozesuan. Politikariok gurekoiak “ego”koiak gara; denok aitortzen diogu gure buruari zilegitasun eta gaitasun gehiago hurkoari baino. Zenbat bilera, zenbat hitz jario, zenbat ego,… Eta zenbat politika? Aukeran, gutxizko.

EAJk distantziak markatu ditu Ezker Abertzaleko esparruarekin eta PSOErekin paktatu du ETAren amaierari laguntzeko prozesua. Nonbait guzti honen etekin politikoaren banaketa bion artean egingo da, prozesu bera hondora ez dadin.

PSOE Ezker Abertzale ilegalizatua ahultzen ari da, lider potentzial indartsuak izan daitezkeenak gartzeleratuz. Dena ETA dela hastapenaren aplikazioa baliatzen du horretarako; Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Iker Moreno, eta abar luze bat Espainaian barreneko kartzeletan isolatuta daude. Zenbat gartzeleratu dute azken hilabeteetan, politika besterik egin ez dutenak? Espainiako preso politikoen zerrenda eten gabe hazten ari da. Nire iritziz PSOEk ez du nahi ETAren ondorenean Ezker Abertzaleak lider karismatikorik izan dezan. Nola lortu? Gartzelak betez.

PP-UPN eroso daude kinka honetan. Ez dute ardura zuzenik eta batera eta bestera jotzeko aukera baliatzen dute. Galtzekorik, ezer ere ez; irabaztekorik, askotxo. Pakerako bidea leuntzen ez dute lagunduko, begi bistan behintzat. Atearen atzekaldetik, ikusten ez den horretatik, lagunduko dutelakoan nago. Izan ere pakea guztion gogoa eta lana da.

Hauek horrela nire ustez Ezker Abertzalearen gizarte-esparru zabalean dauden indar guztiek hizketa prozesu geldia hasi behar dute, berregituraketa berria bultzatzeko. Balizko lidergoak bazterrean utzi, hauteskundekeria ere bai bazterrean utzi, eta elkarrekin hasi beharko da lehenbailehen ontzi berria eraikitzen, denok kabitzeko modukoa. Aralarrek eta Ezker Abertzale ilegalizatuak ezin dute jardun elkarri bizkar emanda. Banaketa hau aurkari politikoaren mesede besterik ez da.

Izan ongi eta hurrengora arte