viernes, 27 de febrero de 2009

KINIELA

Agur t’erdi irakurle laguna:
Gaur bukatzen da EAEko hauteskunde kanpaina. Gaur goizean egon naiz gosaltzen Ezker Abertzale Ilegalizatuaren unibertsoko bi lagunekin. Igandeko balizko emaitzei buruz galdetu egin diet. Euren tristura, etsipena, desmotibazioa eta gogogabetasuna, nirekin aritzeko gai honi buruz, nabarmenak izan dira.
Ez dut nire baitan inolako errudun sentimendurik. Baina neu ere bai goibel samar nago daukagun egoerarekin. Partaidetza normalizatua izan duten (dugun) alderdietako bakar batek ere ezin ezingo du ordezkatu gizarte sektore garrantzitsu honi dagozkion ahotsa eta erakunde-ordezklaritza. Lekua bete, beteko dugu; ordezkatu inola ere ez. Eskasi demokratikoa izanen du hauteskundeen ondoren eratzen den parlamentuak.

Baina gai korapilatua utzirik, politikaren alde ludikoari helduko diot: nire kiniela botako dut!!
Hona:

EAJ-PNV: 28 parlamentari
PSOE: 24
PP: 15
EB: 3
Aralar: 3
EA: 2

Igandeak erranen!

Nor ausartzen da besterik botatzen?

Emaitza edozein dela ere, eratorritako parlamentua ez da izanen gure herriko aniztasunaren adierazle.

Pake- bidea aniztasunaren onarpenean dagoelakoan nago: hain erraz eta hain zail.

domingo, 22 de febrero de 2009

J.I.lagunak idatzitakoaren gainean

Juan Ignacio lagunak EAEko hauteskundeen bultzadaren eraginez egituratzen ari den mapa politikoari buruz analisi politiko zehatza argitaratu berri du BERRIA paperezko egunerokoan.

Analisi arrazionala iruditu zait, errealista eta ondo zentratua. Honela adierazi diot berari eta zoriondu egin dut. Begi zorrotza du nire lagunak eta bere analisiak maiz agertzea espero dut. Artikulu honen haritik berak komentatu egin dit, idatzian agertutakoaz gainera ezker politikoaren berregituraketa dinamika antzematen duela. Ez dugu aukerarik izan gai interesgarri honi buruz aritzeko. Horren faltan bihoaz hausnarketa pertsonal labur batzuk euskal ezkerraren berregituraketaz.

Lehenik eta behin, bat egiten dut Juan Ignacioren iritziarekin: euskal ezkerra berregituraketa prozesua bizitzen ari da. Mugimendu honen ardatzak, nire ustez, hauek dira:

1.-Euskal Ezker Espainiazaleak baztertu du politika frontista oldarkorra. Eskuin espainolarekiko alde ideologikoa zabaldu du; identitate “baskistagoa” agertzen du adierazpen publikoetan; politika sozialak aldarrikatzen ditu,… eta oro har, kataluinaren eredua jarraikiz, espazio aurrerakoi, euskalzale moderatu eta integratzailea okupatu nahi du. Zaila da esatea zein den euskal unibertso politikoaren erdigunea, baina ezker espainolazale hau espazio honen bila mugitu delakoan nago. Berregituraketa ideologikoa bizitzen ari gara, Zapatero zein Patxi Lópezen eskutik.

2.-Ezker Abertzale Nagusiak, bere lerroak estu kontzen ditu; trinkotuta daude bere oinarrizko hastapen ideologikoen inguruan. Baina, nago, noraezean dabiltzala estrtategia eta taktika politikoa finkatu nahirik. Bi galga astun dituzte, Espaina Erresumaren eraso etengabea eta ETArekiko lotura anbiguoa. Ez dirudi bata zein bestea geldituko direnik epe txikian. Honek higatuko du aukera politiko hau, geldi-geldi baina eten gabe. Bestalde, ETAren jardueraren jasanezintasunak gero eta militante gehiago aldetzen ditu. Ezker Abertzale sektore hau bizitzen ari den zurrunbiloak militantziaren trinkotasuna eragiten du batetik, baina, bestetik, gizarte laguntzaren higadura ere bai. Eta, luzera, azken hau da garrantzitsuena politikan eragiteko.

3.-Eusko Alkartasuna, sorreratik beretik, kontraesanen artean garatu du bere proiektu politikoa. Sorburua, EAJ izanik, harekiko hurbiltasun ideologikoa ezin ezkutatzekoa da. Ezker Abertzalearen esparruan izan den alternatiba pakezalearen faltak, sektore ezkerzale batzuk EA-ren unibertso txikira hurbiltzea erakarri zuen. Baina, gutxiengoa da EAren lerroetan, eta ez dira aski alderdi honi identitate ezkerzalea atxekitzeko. Hauteskundeen aurreko EAJrekiko hausturak kalte handia eginen dio. Nire ustez, higadura nabarmena jasanen du. Ustezko emaitza negatiboek areagotu ditzakete porrot pertzepzioa eta barne liskarrak. Geroari begira deskonposatzen ari den indarra dela ematen du.

4.-Ezker Batuak espazio ideologiko propioa duela iruditzen zait. Espazio hau txikia delakoan nago ere bai, baina leiala. Hauteslego militantea du, ezker arima duena. Ez dira nazionalistak, baina autodeterminazio eskubidea aitortzen diote Euskadiri. Horra ezaugarri ideologiko definitzailea. Bere txikitasunean, argi-argia da. Eta horrek PSOE-tik urruntzen du, bai eta nazionalismotik ere bai.

5.-Aralar da, niretzat, galdegai nagusia hauteskunde hauetan. Aralar haziz doa, baina oso-oso mantso. Ikustear dago Euskal gizarteak ematen dion babesa. Alderdi hau abertzale, ezkertiar, independentzia-zale, eta zibiletzat aurkezten du bere proiektu politikoa. Zenbat bozka etorriko zaio ETArekin nazkatu den Ezker Abertzale Ofizialaren esparrutik? Zenbat bozka etorriko zaio EAren alde ezkerzaletik? Zenbat bozka berri hartuko du? Zenbateko sinesgarritasuna sortzen du bere proiektu politikoak?

Honenbestez, Ezkerraren esparruan PSOEK hartu du zentrorantz orientatzen den espainiartasun eta aurrerakoitasun moderatuen eremu zabala. Nazionalismoaren eremuan ezkerraren unibertsoa konplexuagoa da; mugimenduak mantsoagoak dira, baina, agian, hauteskunde hauek bultzada bat emanen diete joera berritzaileei. Poliki-poliki Aralar haziz doa eta Ezker Abertzale Ofiziala higatzen ari da. EAko militanteek beraiek erabakiko dute noiz arte iraunen duen gerorik gabeko proiektu politikoa. EB testimonialismoaren ertzetik mugituko da, baina eutsiko dio. Nire ustez Aralar-ek izanen du zeresan handia gure gero hurbilean. Agian ez da oraindik iritsi bere unea, baina lehen edo gero, iritsiko zaio.

viernes, 20 de febrero de 2009

Konpromisoari eutsiz,besterik ez

Agur t'erdi irakurle laguna; alegia agur t'erdi niri, neuri, nure buruari. Izan ere idazle hau bera da blogaren irakurle bakarra; nik dakidala behintzat. Nondik edo handik inor ere sartzen bada,utzi dezala seinalea, please .

Utzi ditzagun txorakeriak. Nire buruari astean behin idazteko konpromisoa ezarri diot, eta gaurkoan, ideia handirik gabe heltzen diot zereginari.

Hauteskundeak: politika maite dugunontzat egun politak dira. Eztabaidak, hauteskunde programak, eskutzitzak, iragarkiak,... eta bukatzeko, bozketa egun kizkigarria. Elkarrekin itxarotea, tentsioa, emaitzak tantaka, telebistetako matrakak, elkarrizketak, soziologo guztijakitunen analisiak... Uf... Txute bat!!
Baina... zenbat etsipen, zenbat tristura, zenbat sufrimendu,... Zenbat lagun kartzelan, zenbat lagun mehatxupean, zenbat lagun bizkarzainez lagunduta...

Urruti dugu aniztasunean bizitzeko ikasgaia

lunes, 16 de febrero de 2009

Amorrua

Lehengo batean lagun kuadrila elkartu ginen eta bazkalostean, ariz ariz, hauteskundeei buruz aritu ginen. Abertzaleak gehienak, denak ez, norberaren hautuaz solastu genuen. Neu Aralarreko milintantea izanik, lotsatu egin nintzen Ezker Abertzale Ofizialaren lagun minak bere ezintasuna adierazi zigunean. Tristura begietan eta amorrua bihotzean. Ezintasuna, berea eta nerea.
Benetan, Espainiako erresumak zabaldutako tranpan ez ote garen erori susmoa daukat. Denborak argituko digu.
Nik neuk argi daukat PSOE-k eta PP-k desligitimizatu dutela joko demokratikoa. Eta luzera denok ordainduko dugu, denok GAL-en pasarte madarikatua ordaindu egin dugun bezalaxe. Estatuak, Galen bidez, Biolentziaren apologia eta aldarrikapena egin zuen bezala, oraingoan ere bai norberaren komenentziaren arabera mugatutako demokraziaren apologia egiten digu. Estatuak, bere nahien arabera hautatzen baditu demokraziaren partideak, erakutsi egiten digu, behin eta berriz, hala jokatzea zilegia dela. Lekzio ederra, halajainkoa!!
Demokraziak ez du laburbiderik; inongo aldetik ere.

viernes, 13 de febrero de 2009

Arantxa

Preso politiko guztiak behar ditugu, askatasunean. Denak dira beharrezkoak; ez ezinbestekoak, bai beharrezkoak. Guztien artetik bat dut burutan, ezin aldenduz, bereziki. Gogoan daukat bere ekimentasuna, irmotasuna eta argitasuna. Ezkertiar eta independentzia-zale porrokatua, nekaezina. Gogoan ditut bere esku hartzeak gure Gobernu Kontseiluan, beti erne, akuilua prest, bidegabekeria eta errakuntza inor baino lehenago argitara ekarriz eta salatuz.
Soluzioa, eskaintza.
Gogoan dut bere bila joan izan naizenean beti gertu topatu dudala hitz egiteko, baita lankidetzarako ere hala egokituez gero.
Ezkertiartasuna muinean eta Euskal Herria ariman.
Erresumak eraman zaitu. Erresumak lapurtu digu zure hitza.
Zure falta sumatzen dut, Arantxa.

miércoles, 11 de febrero de 2009

Lehendabizikoa 2009ko hautekundeen bezperetan

Blog hau irekitzen dut Euskal Erkidego Autonomoan hauteskunde kanpaina ofiziala zabaltzen den egunean. Izan ere 2009ko martxoaren 1ean bertako parlamentua osatzeko hauteskundeak izanen dira.
Zurrunbilo politikoa azeleratu egin da: estatuak bidea itxi nahi dio ezker abertzale muturrekoari, ETAk atentatua egin du Madriden, alderdi abertzaleak sakabanatuta daude, krisi ekonomikoaren atzaparrak hurbiltzen ari dira,... eta jende xehea aspertuta eta politikoengandik urrunduta dagoela ematen du.
Une honek Ezkerraren beharra du. Une honek Euskal Indar Sendo baten beharra du. Une honek Politika Zizbil eta Pakezaleak behar ditu. Une honek Irudimenaren beharra du.
Gai izanen al gara honelako politikak diseinatzeko eta mugiarazteko?