domingo, 22 de febrero de 2009

J.I.lagunak idatzitakoaren gainean

Juan Ignacio lagunak EAEko hauteskundeen bultzadaren eraginez egituratzen ari den mapa politikoari buruz analisi politiko zehatza argitaratu berri du BERRIA paperezko egunerokoan.

Analisi arrazionala iruditu zait, errealista eta ondo zentratua. Honela adierazi diot berari eta zoriondu egin dut. Begi zorrotza du nire lagunak eta bere analisiak maiz agertzea espero dut. Artikulu honen haritik berak komentatu egin dit, idatzian agertutakoaz gainera ezker politikoaren berregituraketa dinamika antzematen duela. Ez dugu aukerarik izan gai interesgarri honi buruz aritzeko. Horren faltan bihoaz hausnarketa pertsonal labur batzuk euskal ezkerraren berregituraketaz.

Lehenik eta behin, bat egiten dut Juan Ignacioren iritziarekin: euskal ezkerra berregituraketa prozesua bizitzen ari da. Mugimendu honen ardatzak, nire ustez, hauek dira:

1.-Euskal Ezker Espainiazaleak baztertu du politika frontista oldarkorra. Eskuin espainolarekiko alde ideologikoa zabaldu du; identitate “baskistagoa” agertzen du adierazpen publikoetan; politika sozialak aldarrikatzen ditu,… eta oro har, kataluinaren eredua jarraikiz, espazio aurrerakoi, euskalzale moderatu eta integratzailea okupatu nahi du. Zaila da esatea zein den euskal unibertso politikoaren erdigunea, baina ezker espainolazale hau espazio honen bila mugitu delakoan nago. Berregituraketa ideologikoa bizitzen ari gara, Zapatero zein Patxi Lópezen eskutik.

2.-Ezker Abertzale Nagusiak, bere lerroak estu kontzen ditu; trinkotuta daude bere oinarrizko hastapen ideologikoen inguruan. Baina, nago, noraezean dabiltzala estrtategia eta taktika politikoa finkatu nahirik. Bi galga astun dituzte, Espaina Erresumaren eraso etengabea eta ETArekiko lotura anbiguoa. Ez dirudi bata zein bestea geldituko direnik epe txikian. Honek higatuko du aukera politiko hau, geldi-geldi baina eten gabe. Bestalde, ETAren jardueraren jasanezintasunak gero eta militante gehiago aldetzen ditu. Ezker Abertzale sektore hau bizitzen ari den zurrunbiloak militantziaren trinkotasuna eragiten du batetik, baina, bestetik, gizarte laguntzaren higadura ere bai. Eta, luzera, azken hau da garrantzitsuena politikan eragiteko.

3.-Eusko Alkartasuna, sorreratik beretik, kontraesanen artean garatu du bere proiektu politikoa. Sorburua, EAJ izanik, harekiko hurbiltasun ideologikoa ezin ezkutatzekoa da. Ezker Abertzalearen esparruan izan den alternatiba pakezalearen faltak, sektore ezkerzale batzuk EA-ren unibertso txikira hurbiltzea erakarri zuen. Baina, gutxiengoa da EAren lerroetan, eta ez dira aski alderdi honi identitate ezkerzalea atxekitzeko. Hauteskundeen aurreko EAJrekiko hausturak kalte handia eginen dio. Nire ustez, higadura nabarmena jasanen du. Ustezko emaitza negatiboek areagotu ditzakete porrot pertzepzioa eta barne liskarrak. Geroari begira deskonposatzen ari den indarra dela ematen du.

4.-Ezker Batuak espazio ideologiko propioa duela iruditzen zait. Espazio hau txikia delakoan nago ere bai, baina leiala. Hauteslego militantea du, ezker arima duena. Ez dira nazionalistak, baina autodeterminazio eskubidea aitortzen diote Euskadiri. Horra ezaugarri ideologiko definitzailea. Bere txikitasunean, argi-argia da. Eta horrek PSOE-tik urruntzen du, bai eta nazionalismotik ere bai.

5.-Aralar da, niretzat, galdegai nagusia hauteskunde hauetan. Aralar haziz doa, baina oso-oso mantso. Ikustear dago Euskal gizarteak ematen dion babesa. Alderdi hau abertzale, ezkertiar, independentzia-zale, eta zibiletzat aurkezten du bere proiektu politikoa. Zenbat bozka etorriko zaio ETArekin nazkatu den Ezker Abertzale Ofizialaren esparrutik? Zenbat bozka etorriko zaio EAren alde ezkerzaletik? Zenbat bozka berri hartuko du? Zenbateko sinesgarritasuna sortzen du bere proiektu politikoak?

Honenbestez, Ezkerraren esparruan PSOEK hartu du zentrorantz orientatzen den espainiartasun eta aurrerakoitasun moderatuen eremu zabala. Nazionalismoaren eremuan ezkerraren unibertsoa konplexuagoa da; mugimenduak mantsoagoak dira, baina, agian, hauteskunde hauek bultzada bat emanen diete joera berritzaileei. Poliki-poliki Aralar haziz doa eta Ezker Abertzale Ofiziala higatzen ari da. EAko militanteek beraiek erabakiko dute noiz arte iraunen duen gerorik gabeko proiektu politikoa. EB testimonialismoaren ertzetik mugituko da, baina eutsiko dio. Nire ustez Aralar-ek izanen du zeresan handia gure gero hurbilean. Agian ez da oraindik iritsi bere unea, baina lehen edo gero, iritsiko zaio.

1 comentario:

  1. Zure post horren azken paragrafoa "bisionarioa" izan da. Emaitzak ikusita bete-betean asmatu duzula esango nuke. Eta hor dago, bai, datozen hilabeteotarako gogoeta ederra: nondik nora joango diren euskal ezkerrak. Oraingoz ez diote utziko bat baino gehiago izateari, baina egoera horrek ez du ez hankarik ez bururik, nahiz ezkerraren gaitz klasikoa hori den.

    ResponderEliminar