martes, 14 de diciembre de 2010

PORROTAREN EZKORTASUNAZ

Bai, sozialismo errealaren porrotak erreferentziarik gabe utzi gintuen. Komunismoaren mozorroa hartu duten diktadore gupidagabeek auzo-lotsak eta amorruak jota utzi gintuzten. Fidelen kontraesan gaindiezinek ilundu digute haren proposamena.

Sobietarren errepublikaren atzetik sasi esperimentu sozial guztiak erori ziren, bata bestearen atzetik,oinarririk gabe eraikitako errealitate faltsuak zirela erakutsiz. EEBBen eta Sobietarren arteko gerra hotzak nerabezaroan zeudela txikitu zituzten esperientzia gazteak: Txekia, Txile, Suedia (nork hil zuen Olof Palme?). Kapitalismoaren baitan molestagarriak ez diren erdi bideko esperientzia batzuk loratu dira: kooperatibak, komuna txikiak (Lakabe, Arginaritz,…); ezer ez kapitalaren unibertso zabalean. Bien bitartean aberatsak, gero eta aberatsago, pobreak, gero eta pobreago, eta ase ezinezko kontsumoaren barne grinak martirizatuak. Aberastasuna gero eta esku gutxiagotan biltzen da. Lurra, gero eta eskasagoa kontsumo gosea asetzeko.

Kontraesanek ez digute loa galarazten. Jakin badakigu tanke edo gerra hegazkin baten prezioan Madrileko kale aberatsetan hotzak hilko dituen baztertuko guztiei bizibide duina eman ahal geniekeela. Hain da agerikoa, eta hainbestekoa da ezina. Horrekin bizi gara

Eskuin kapitalistak indartu du bere errelatoa. Ezkerrak ez du errelatorik. PSOEk amore emanda dago, eskuinaren aginduak betearazten. Egun hauetan gertatzen ari dena beldurgarria da. Espainiatik paseatzen ari dira kapitalismo gordinaren goi ordezkari guztiak (aurpegia jartzen dutenak, alegia. Trichet –Europako Banku zentraleko burua-esate baterako). Denak esaten diote gobernuari zer egin behar duen, ozen eta argi, beti ikuspegi bakar batetik abiaturik noski. Gobernua, isilik; irenstekoak erabat zabalduak. Bankuetako goi ordezkariak, garaiak aupaturik, ez dira atzean geratzen agintzeko orduan. Gobernua, segi irensten.

Baina ezkortasunaren ezkortasunaz egoteko zio nagusia wikileaksek eman dit: Jaungoikoaren ordezkari lurtarra Madriden dago, Estatu Batuetako enbaxadan. Haren bulegotik pasatzen da den-dena. Ez da ezer garrantzizkorik egiten haren baimenik gabe. Hari aitortu behar zaio, hari baimena eskatu eta hari barkamena erregutu. EEBBekiko morrontza hainbestekoa dela baieztatzeak, are eta gehiago areagotu du nire ezkortasuna

---------- : ----------

Aurrekontuak tarteko, lasai samar antzematen dut ingurugiro politikoa. EAJ aurre-aurreko borrokari uko eginda, PSOE eroso, PP-UPN lasai. Gainerakoak, ahal dena.

Hurrengora arte lagunak

lunes, 29 de noviembre de 2010

NON DAGO EZKERRA?

A. Zapatero Espainiako ultraeskuindarren itzalpera joan da lasterka, beldurraren beldur. Pertsonaia honen gira-bira ulertezina egiten zait. Ezkertiar aurrera-zalea eta ausartatzat aurkeztu zuen bere burua; nik neronek halakotzat nuen, baina ekonomiak zigortu gaituenenan, a zer aldaketa! Ez du lotsarik izan 39 enpresari diztiratsuenen esanetara makurtzeko. Haiengan bilatu ditu aholkuak, horiengandik lortu du etorriko zaizkigun neurrien justifikazioa. Ez dakigu zer eskatu dioten; ez dakigu zer ordainduko dien. Badakigu guzti hau ez zaigula dohainik aterako. A zer poza guzti hauena, eskuinaren ordezkari argiak batzuk, muturreko eskuineko ordezkari ilunak haietariko beste asko. Bien bitartean ezkerra isilik, zapuztuta, kuzkurtua bere baitan, beldurti. Ez al dugu aukerarik? Ez al dugu proposamenik? Ez al dugu pentsamendurik?

B. Katalunian CiUk irabazi du, argi eta garbi. Oro har zentroaldeko eskuinak bildu du hautesleen bozka gehienak. Ezkerraren ahotsa isilduta geratu da. Iniziatibak eta Ezker Errepublikarrak, PSCrekiko zuten hartzaren besarkada hartatik askaturik, ahotsa goratuko dute. Denboraz kanpo, zereginik ez dutelarik. PSCk barne hausnarketa sakona egin beharko du eta ideia eta lidergoak berritu.

C. Euskadin, PSEk ez du ekimen ezkertiar bakar bat ere aurkeztu, daramagun legealdi honetan. Eskuinaren ideologiaz babestuta dago, eta PPrekin duen hitzarmenak aitzakitzat baliatzen du, ezker politikarik ez egiteko. Aitortu behar dut sentiberatasun ezkertiarra sumatzen dudala Hezkuntza esparru zabalean. Saiatzen ari dira eusten Hezkuntza Publikoari; publikotasunaren zutabe hau, behinik-behin, ez dadila eror. Seguruenik Isabel Celáa izanen da Gobernu honetan zeresan handienetakoa.

D. Nafarroan UPN indartsu antzematen dut. Ahulezirik antzematen bada, berehala agertzen zaio PSN bidelagun. Nire ustez biak ala biak hauteskunde ondorengo koalizioa gozotasunez heltzen ari dira. Elkarretaz gustatzen diren maitale hasi berrien moduan jokatzen ari dira. Eztabaida txikiak antzesten dituzte, gainerako lagunen atentzioa eurenganatzeko, baina gero eta kateatuagoak dira. PSN ez da gai UPNren politika eskuindarra eztabaidatzeko; bere aurkakotasunak bigarren mailako aferetan edo zama ekonomikorik ez duten horietan daude. Eredua ez dute inolaz ere zalantzan jartzen, ezin dute.

E) Ekarpen interesgarrienak ARALAR alderdiak egin ditu. Bere dekalogoa oso mamitsua da. Baina komunikazio-bideegileen interes faltarekin topo egiten du behin eta berriz. Ikustear dago irekitzan ari den hauteskunde garai honetan gai ote den bere mezua helerazteko.

F) NABAIren ideologia ezkertiarra, aldarrikapen teorikoez haratago, erakusteko dago. Zinez ez dut uste PNV, EA, eta hainbat "independiente nabai-zale" ezkerrekoak direnik. Ez dut kritika moduan esaten. Eskuin humanista (ez basatia) erabat ulergerri egiten zait aukera ideologikoa bezala. Liberalismo eskuindarrak tradizio handia du gure artean. Zer esanik ez sozialdemokrazia deiturikoak. Beraz ez dut eskuinaren ideologia demonizatzen edo iraintzen, ez eta gutxiago ere. Bestalde, ez naiz ni inor horretarako. Baina "ezkerrekotzat" jotzen badugu gure burua, ekintzez eta ekimenez erakutsi beharko dugu. Ez gara esaten duguna, egin-egiten duguna baizik.

G) Ezker Abertzale tradizionala bere legetasuna lkantzen ari da. Beste eztabaida batean murgilduta dago. Une honetan, aldarrikapen toerikoez haratago, ez du ekarpen ezkertiarrik egin. Ulergai egiten zait niri egoera.

Beraz, Eskuin haizeak nagusitu dira. Ni neu ezkerrak zeresan handirik baduelakoan nago. Zegatik ez da entzuten?

Besarkada bat, lagunak

domingo, 14 de noviembre de 2010

PSOE-ren IKASGAIAK

Ez du axola Marruecosek saharatarrak hiltzeak; ez du axola Marruecos-ek ONU-ren esanak ez batetzeak; ez du axola Marruecos-ek giza-eskubideak ez errespetatzeak; ez du axola Espainiar estatuaren betekizun historiko-politikoak erabat ahazteak; ez du axola... "Lo más importante son los intereses de España en Marruecos" (Zapaterok, 2010ko azaroan).
Zapateroren esanak beste PSOEko buruzagik eurena egin dute lehenago. Egun hauetan harro-harro Gonzalez-ek esandakoak irakurtzea besterik ez da. Hemen ere ez du axola; garrantzitsuena Espainiaren interesak dira.

Hurrengora arte,

miércoles, 10 de noviembre de 2010

ANIMATU DEZAGUN PLAZA

Kaixo Lagunak:

Lanarekin distraitu xamar ibili naizen ezkero nahikoa utzita eduki dut gure dibertimendu arin hau. Denbora dexente sartu gaberik egonda, gaurkoan funtzio berri bat atzeman dut Blogger honetan. "Comentarios" izena duen bekain berria agertu zait. Honen bidez irakurleek egiten dituzten aipamenak kudeatzeko gaitasun batzuk eskaintzen dizkit programak. Ohartu naiz irakurle lagunek bidalitako aipamen batzuk SPAM moduan jasota zeudela. Horren ondorioz ez ziren argitaratu. Ezabatu diet aipatu etiketa eta argitaratu izanen dira. Orain artekoan SPAM izate kontsiderazio horiek programari atxiki behar zaizkio. Arraioa, hauek dira hauek inbentoak!!

Zertan gaude lagunak?

Badirudi PPSOEK, EAJk lagunduta, paketze eta normalizazio prozesuari galga jarri diotela. Azken aste honetan denboraren (tempo famatua) kudeaketarako estrategian aldaketak egin dituzte. Ez dute presarik; ez dute azkar joan nahi. EAJ-ren aurkakotasun gogorrik ezean, badirudi hurrengo Foru eta Udal hauteskundeetarako aurrekoen estrategia errepikatu nahi dutela. Alegia, Batasunari hauteskundeetan parte hartzea eragotzi nahi diote, alderdi honek bere bozkak zakar-ontzira botako dituen esperantzan. Hala bada, abertzalegoaren kalterako; etxe-kalte beti ere.

Euskal Erkidego Autonomoan, poliki-poliki, alderdi guztiak bere tokia hartzen ari dira. Fronte espainiarra kontsolidatzen ari da, EAJ-k Madrideko protagonismoa eta laguntza dela medio, bere tokia hartu du. Batasuna etengabe komunikabideetan, etengabeko sufrikarioan (epaiketak, atxiloketak,...). Besteok, borroka latzean burua agertzeko. Nahiko lan!!

Nafarroan, UPN inaugurazioak bata bestearen atzetik, Sanz eta Barcina eskuz-esku. Alderdiaren aparatoa lasai, haien atzetik. Hauteskundeen emaitzak espero bezain onak ez badira, etxe guztietan bezala, espektakulu polita ikusiko dugu. PP ere bai, lasai dago; lehenengo enbidoa du hau, ezer ez galtzeko eta askotxo irabazteko. PSN, egun duenarekin konformatu egiten dela ematen du. Etxe honetan ere bai, emaitzen zain. Ikusiko dugu hauteskundeen ondoren Jimenez, Lizarbe, eta enparauek zernolako bidea hartzen duten.

Abertzalegoaren baitan, zer?

Zer ondorio izanen du Batzarreren ateratzeak NABAI-ren emaitzetan? Ez dakit, ez dut uste eragin negatibo handirik izanen duenik, baina eragin positiborik seguru ezetz. Edonola ere, emaitzez aparte, proiektua bera ahuldu delakoan nago ni. Ezkerreko sentiberatasuna duen alderdia joanda, korronte honetako pentsamoldea ahuldu egiten da NABAIren baitan. Eta, Aralar izanik koalizioaren jatorria, ezkerreko ideologia gure oinarri teoriko-praktikoa dela ez genuke eztabaidatu behar. Ezkerrean ainguratuta al dago egun NABAI?

Lagunak, hauteskundeak hurbiltzen ari direnez, dibertimenduari eusteko proposamena egiten diot nire buruari. Politikazaleok dibertitu ere bai egin behar dugu politikarekin. Animatu dezagun plaza!

Ondo izan

viernes, 1 de octubre de 2010

BERTALANFFY

Ludwig Von Bertalanffy (1901-1972) biologo eta filosofo ospetsua bezain interesgarria da. Austrian jaio zen; Inbsbruck hiriko Unibertsitatean doktoradutza egin ondoren Estatu Batuetara joan zen. Kanada, Europa eta Estatu Batuetan nazismoak eragindako harat-honata batzuk egin ondoren, 1954an azken herrialde honetan finkatu zuen bere bizitza. Unibertsitate eta zientzia gizona, oso emankorra eta sakona.

Nire hausnarketari dagokionean bere “Sistemei Buruzko Teoria Orokorra” izan da aspalditik gehien erakarri nauena. Xaloa bezain aberasgarria, erraza bezain erabilgarria; errealitatea interpretatzeko oso tresna polita. Ez naiz luzatuko teoria honekin zeren eta idatzi honen ondo-ondoan baduzue honi buruz nik baino askoz ere gehiago dakien batek: Google jaun-emakumea oro-jakintsua. Jaun/emakume hau lerro hauek baino askoz ere eskurago duzue, laguntzeko beti gertu. Hari galdetu eta luze, argi eta zabal azalduko dizue “Sistemen Teoria Orokorra”.

Sistema bateko atal batean eragiten dugun aldaketak sistema oso-osoan izaten ditu ondorioak, nahi bada edo ezbada. Horretaz bada, politika sistema mugitu, mugitzen da. Izan ere sistemaren elementu batek eragin bat integratu du eta haren ondorioz, mantso izanda ere, aldaketak antzematen hasi dira. EAJ-k ADOS ekimena martxan jarri du, aldi berean eskubideen aldeko manifestazioarekin bat egin du. Sistemaren beste espazio batean EAJ ez beste alderdi abertzaleak Gernikan elkartu dira bakearen alde eta bakegintza adosteko. Beste espazio batean mugimendu hauek dardara eragin dute eta ikusi behar zertan bilakatzen den dardari hau, baina, ezin uka BAKEA eraginak sistema mugiarazi duela. Gainera, mugitzen ez denak, sistematik espazio infinitura jaurtikia izateko arriskua du. Beraz, nahi ez badu ere, mugitu egin beharko du sistemaren mugimendu hauekin bat egiteko. Baina… hain doa mantso! Bien bitartean segitzen du sufrikarioa.

Abian-abian trantsizio batean gaudelakoan nago ni. 45 urte eta gero, berriz tokatzen zaigu trantsizio berria bizitzea. Ea oriangoan zementazio hobea ematen dugun.

Besarkada bat, lagunak

lunes, 20 de septiembre de 2010

EREDU EKONOMIKOA ETA BESTE

Gaurkoak bi atal ditu: bat, agindutakoa, eredu ekonomikoa; bi, zertzelada labur batzuk egungo egoera politikoari buruz (izan ere nire politika-zaletasunak galbidean narama: ez badut zerbait idazten leher egingo naiz).

1.EREDU EKONOMIKOA

Lehengo batean eredu ekonomikoari buruz idatziko nuela agindu nuen. Hain zuzen ere ekonomia da politikaren esparruan batzuk eta besteak bereizten gaituen ardatzetako bat. Alegia, ardatz honen arabera bereizten ditugu “ezkerrak” eta “eskuinak”. Azken urteetan oso debate interesgarria zabaldu egin da ezkerra-eskuina dikotomia eta ekonomiaren artean dagoen erlazioari buruz. Izan ere eredu komunistaren porrotak batetik eta praxi politiko-ekonomikoa bestetik eredu ekonomiko bakarraren baitan bizi behar dugula sinestaraztera eraman gaitu. Zenbaitetan “beste mundurik” EZ dela bideragarri ematen du. Hala al da?

Nire lagun batek ezkerra eta eskuinaren arteko diferentzia azaltzeko oso eredu erraza erabiltzen zuen: 10 irabazten badituzu, eskuinak bi kentzen dizkizu eta azpiegituretan inbertitzen ditu; ezkerrak ordea, 10 irabazten badituzu, hiru kentzen dizkizu, bi azpiegituretan inbertitzen ditu eta bat politika sozialetan.
Azalpen murritza da, baina oso erabilgarria diferentziak ulertzeko. Noski, gerora datoz kontzeptu bakoitzak dakarren soka luzea: nori kendu, zenbat da “bi” edo “hiru” pertsona batzuentzat eta besteentzat, progresibotasuna (gehiago duenak, gehiago ordain dezala), azpiegitura, “politika soziala” kontzeptuaren esanahia,. Beraz, ez da bakarrik 10etatik bi ala hiru kentzea, kentze horri kudeaketa politikoa erantsi behar zaio.

Eskuinak estatuaren esku-hartzea ahal den gehiena ahultzearen aldekoa da, bizitzaren erregulazioa merkatuaren baitan utzita. Eskuinarentzat bizitzeko beharrezkoak ditugun zerbitzuak negozio aukerak dira, beraz merkatuak erregulatu behar ditu: osasuna, hezkuntza, pentsioak, zahartzaroaren ongizatea. Zerbitzu hauek gozatu ahal izatea, pertsonaren merezimenduaren ordaina da, gozamen pribatua alegia. Estatuak, negozioak egiteko behar diren eta merkatuak erregulatu ezin ditzakeen azpiegiturez arduratu behar du soilik: giza-segurtasuna, justizia sistema, garraio azpiegiturak,… eta negozioa ez diren besteetaz (pobreekiko gutxienezko karitatea esate baterako). Propietate pribatua eta negozioa ahal den gehiena babestu behar dira, pertsonaren baitarekin lotuta baitira. Pentsamolde honen arabera estatuak bi kendu behar dizkizu, negozioak egin ahal izatea bermatzeko.

Ezkerrak aldiz, estauaren esku-hartzea aldarrikatzen du, propietate pribatuaren banaketa konpentsatzailea egiteko. Era berean, bizitzeko beharrezkoak ditugun zerbitzuak, eskubidetzat jotzen ditu. Beraz estatuari egokitzen dio zerbitzu hauek pertsona guztientzako izatea, duin eta kalitatezko: hezkuntza, osasuna, pentsioa, zahartzaroaren zainketa,… Beraz, estatuak gehixeago kendu behar dizkigu eskubide diren zerbitzuak guztiei zabaltzeko. Aldi berean ezin ditu bazter utzi eskuinarekin bat eginda, zaindu behar dituenak: segurtasuna, azpiegiturak (autopistak, kaiak, aireportuak, eraikin publikoak,…). Kalitatezko zerbitzuak eta pentsioak guztientzako bermatuz, ongizatearen estatua eta berdintasunaren aldeko politikak bermatzen dira. Ezkerraren arabera zerbitzu hauek ez dira merezimendu pertsonalaren ondorioa edo borondatearen araberako karitatezko oparia, pertsona izateari lotutako eskubide unibertsala baizik.

Ezkerra eta eskuinaren arteko desberdintze honi, baloreei lotutako beste diskurtso dilematikoa gehitu ahal genioke: erlijio-askatasuna, dibortzioa, abortoa, homosexualitatea, e.a.

Aintzat hartzen badugu honako errana: “egin-egiten duguna gara, ez gara, ordea, pentsatu edo idazten duguna”, GALDERA ZERA DA: NON KOKATZEN DUGU GURE BURUA? non kokatzen dira PP, PSOE, EAJ-PNV, Aralar, EA, EB, eta gainerakoak?

Badirudi krisitik ateratzen ari garela; zein atetik ateratzen ari ote gara, eskuineko ala ezkerreko atetik?


2.POLITIKA, POLITIKA,…

>Mugituko al dira alderdi unionista-nazionalista espainiarrak ETAren azken mugimenduen ondorioz? Sukaldean akaso? Hauteskundeak pasata?
>Gustora dago EAJ Madridek eskaini dion protagonismoarekin. Argi dago alderdi hau agintea eskutan dagoelarik oso ondo egiten duela bere lana, baina oposizioan hanka motz. Oraingo honetan hainbat esamolde etortzen zaizkit burura: “urrititik hamalau, bertara joan eta lau”, “gaurko ogia, biharko gosea” edo “hartzaren besarkada” famatua.

>Gustatu zait niri “diagnostikoa” egiteko ideia. Protagonismoa eman dio, eta PSE-ren irmotasun zentzugabea agerian utzi du. Iniziatiba hartu du, modu disimulatuan. Ez nuke nahi itxurakeria hutsa izatea.

>Honek, txarrerako ala onerako, zera uzten du agerian: ETAren mugimenduek, era batera edo bestera, hauteskundeetan eragina izanen dute. Azken batean sistema batean bizi gara.

>NABAI, NABAI, NABAI,… Zer ote zinen eta zer ote zara? Batzarre deskolokatuta dago edo deskolokatu dute, baina egun hauetako deklarazioen ondoren argi dagoena zera da: uztailetik pasatzen da, aulkiaren truke, ala beste beso batzuetara joan beharko du (IU-ra akaso?). NABAIko beste inork, ez Aralarrek ez EAJk ez Eak, ez du aintzat hartuko bere eskakizunik, ezta urrik eman ere. Badirudi beste alderdiei ez ziela axola Batazrre joatea. Eta hori erabat logikoa da, nire ustez, EAJ edo EAren tokitik begiratuta, baina ARALARrek, ezkerrekoa izanik, bidelaguna galduko du ezkerreko politikak bultzatzeko. Noren eskutan geratzen da NABAI Batzarre alboratuta?

>Azken inkesten arabera Nafarroan UPNk eta PPk lor dezakete gehiengo absolutua. Bestela, UPN-PSN izanen da gobernu koalizioa. Alegia, UPN egon, egonen da Nafarroako ejekutibo foralean. Zalantza da zein hartuko duen bidelaguna: PP ala PSN. Nire irudikoz PP izanen da. Hauek horrela NABAI boterearen aldeko borrokatik kanpo geratzen da. Eragiteko gaitasunik geratuko al zaio? Barne-batasunari eutsiko al dio?

Hurrengo arte lagunak. Besarkada bat.

lunes, 6 de septiembre de 2010

BERRI ONAK

Kaixo lagunak:
Berri onak ekarri ditu iraila honen hasierak. Ez nahi bezain onak, hala ere. Edonola ere nik zalantzarik ez dut berri ona dela ETAk biolentziaren geldialdia iragartzea. Oraindik zalantza askotxo dago (nik ez ditut errepikatuko), baina… beste “baina”rik jarri nahi ez dudanez, puntua jarriko dut..
Nire ustez bueltarik gabeko prozesua da (hala izango al da behingotik!). Borroka armatuak ez du aterabide politikorik, ez du justifikazio etikorik ezta politikorik ere eta, gainera, min handi-handia egiten dio Ezker Abertzale zaharrari. Horretaz oharturik oraingo kontua bukaeraren nolakotasuna kudeatzea, batzuek eta besteek, izango da. ETA poliki-poliki ahulduz joan da eta galbidean sartu du bere burua.. Ez dut uste ezer negoziatu ahal izango duenik (politika mailan, noski, ezer ez; eta desarmeari eta preso eta errefuxiatuen egoera eta ber-gizarteratzeari buruz, ikusi behar).
Abertzale ezkertiarrok aldi berri baten atarian gaude. Gainerakoentzat aldaketa garrantzitsu eta pozgarriak izango dira, hala nola bizkartzainik gabe bizitzea eta askatasunean bizi ahal izatea, baina ez aldaketa politiko nabarmenik. Izan ere, ETAren ahulezia dela medio bere desagerpenak ez du inolako aldaketa politiko nabarmenik eragingo sektore unionista zein abertzale eskuindarren esparruan. Are eta gehiago ETAren jardunak aukera eman die bere posizio politikoa finkatzeko, eta horretan iraungo dute, epe laburrean behintzat.
Ezkertiarrok gaude deituta gure burua argitu eta birkokatzeko. Gure harreman eta sare politikoak definizio berriak izango dituzte. Orain ere bai, ikusi behar nola kudeatzen dugun egoera berria.

NIRE LAGUNEI ERANTZUNEZ

Nafarroako Ezker Abertzalearen izatea oso arazotsua izan da beti. Aralarren proiektua oso ondo definitua dago, baina definizio hau lausotu egiten da NABAIren baitan. Horretaz diot nik Ezker Abertzalea errotzeko aukera galtzen ari garela.
Neuk, “NABAI : bai ala ez?” galderari erantzuna eman izan diot Aralar Nafarroaren baitan behin baino gehiagotan, nire arrazoibideak agertuz. Gaurko une politikoa oso berezia da eta debate sutsu honi ez diot alferrrikako egurrari eman nahi. ARALAR alderdi demokratikoa da, behar den bezala hartuta daude erabakiak. Nafarroan hartutako erabaki taktikoak ez datoz bat nire ikusmoldearekin, baina gehiengo zabal baten iritzia ordezkatzen dute. Beraz hartutako erabakiak ahalik eta hobekien kudeatzea opa diet horretarako ardura bizkar gainean hartu dutenei.
Nire buruari galdetzen diot une politiko honetan NABAI ren gainean inolako debate estrategikorik ireki ote daitekeen. Ezezkoan nago; hauteskundeak atarian daude, programak zehaztu behar dira, zerrendak lantzen hasi beharra dago,… Ez da momentua erabakiak berraztertzeko, erabakitakoa ahalik eta hobekien kudeatzeko baizik.

Lagunak, beste une politiko, edo beste tokia, beharko dugu “NABAI: bai ala ez?” gai interesgarriari buruz eztabaidatzeko.

Ea hurrengoan, agindu bezala, “Proiektu ekonomikoa” gaiaz aritzeko betarik ote dudan.

Besarkada bat, lagunak.

martes, 31 de agosto de 2010

GALDERA TRANPADUNA

Aralarrek krisiari aurre egiteko eta aberastasuna banatzeko neurri fiskal berriak proposatu ditu

http://www.aralar.net/aktualitatea/aralarrek-krisiari-aurre-egiteko-eta-aberastasuna-banatzeko-neurri-fiskalak-berriak-proposatu-ditu

ETA NAFARROAN, ZERGATIK EZ?

Besarkada bat lagunak

miércoles, 25 de agosto de 2010

BEROTZEN ARI GARA

KAIXO LAGUNAK!!!

Jarrai dezagun politika zaleok ezbaidan eta iritziak elkar trukatzen.

Aurrekoan esan nuen dibertimendu honetan alderdien araberako analisia egin beharrean, gaika egingo nuela. Zailagoa da, noski; izan ere ezertan aditua ez, eta saltsa askotan, ordea, partaide. Hala ere ez diogu erronakari bizkar emanen eta helduko diot agindutakoari. Dena den, dihoala aurretik hiru iruzkigileei nire esker beroena debatea animatzearren. Tokatzen zaidan gaia jorratu ondoren agertuko diet irakurle lagunei nire iritzia esaten dutenaren gainean.

EKONOMIA. Beti bezala hau dugu hauteskundeetako ardatzetako bat. Oraingo honetan, joan den legealdian zehar krisia pairatzea tokatu zaigu, eta oraindik ere horretan gaude. Espainian PSOE-ri tokatu zaio krisia kudeatzea; Euskadi Erkidego Autonomoan, krisiaren aldi gordinena PSOE-PSN-ri tokatu zaio ere bai, eta Nafarroan UPN-PP-CDN koalizioari (egun UPN-ri).

KRISIAREN SORRERA. Esan bezala ez naiz ni ekonomilaria. Beraz barka ezazue nire ausardia gai zail honi buruz aritzearengatik, baina behin eta berriro ari naizen moduan honakoa politika era atsegin batez konpartitzeko bidea besterik ez da; ez du inolako traszendentziarik. Ausartu gaitezen beraz!

Zerk sortu du krisia? Badirudi kapitalismoak berezkoak dituen krisdi zizkliko horietako batean gaudela. Oraingo hau azken aurrekoak baino gogorragoa akaso, baina ziklikoa delakoan nago. Krisi hau azken urteetako gehiegikeriek sortu dutelakoan nago; duela bi-hiru urte ematen zuen aberasten ari EZ zena, tontua zela (ni neronek esate baterako). Etxe salerosketa zela, inbertsio arraro bat zela, merkatu emergente batean eginiko salerosketa... guzti hauek zirela medio ematen zuen gu ez beste guztiak aberasten ari zirela: a zer etxeak, zer kotxeak, zer bizi-erritmoa,... Badirudi, norbaitek, nonbaiten (G-8an? Espainiako kostaldean eginiko aberatsen bileran? Munduko Brokerren foroan? Non ote?) aski zela erabaki zutela, eta... gaudenean gaude. Bene-benetan nik krisi honetan ez dut antzeman inongo aberatsa pobretu egin denik, inongoa ere ez. Eta hala gertatu bada, jaso dituen konpensatzioak, irabaziak eta gainerakoak ARALAR osatzen dugun alderdike guztiok gure bizitza osan irabazi dezakegun guztia baino handiagoak izan dira. Sumatu al duzue benetako kapitalistarik kezkaturik??
kapitalismoak ber-orekatzeko krisia behar du. Eta hori desorekatzen den edozein izakiri gertatzen zaio, baita neroni ere bai.
Egoera honetara iritsita, makurrena zera da, krisiak sektore ahulenek ordaintzea. Eta are eta makurrago, ezkerreko alderdiak horretan konplize izatea.
Kapitalismoa berrorekatzeko behar izan diren mugagabeko dirutzak guztiona diren kutxa publikoetatik atera dira. Kapitalismoaz gehien baliatu direnak, bere probetxu propiorako, ez dute sosik ere eskaini; ez dute ezer arriskatu; are eta gehiago, gerrateetan gertatu bezala, gehiago aberastu direla ematen du (begiratu banku pribatuetako emaitzei).
Alderdi politiko nagusien jarduna oso pobrea izan da. Ez da ideiaren eztabaidarik izan; inoiz ez da eredu ekonomikoa ezbaian jarri; eta inplementatu diren politikak "kapitalismo gehiago" leloari jarraitu diote. Kapitalismoaren krisia, kapitalismo gehiagoz sendatu egin da. Noski, guztion diruaz injektatu da "kapitalismo gehiago" hori. Nafarroako eredua begi bistan dugu: guztiona diruaz bultzatzen da kontsumoa (lehioak, kalderak, kotxeak aldatzeko diru-laguntzak, e.a.). Zorabio honetan Zerbitzu Publikoek ere bai ederki ordaindu dute (Hots, benetako kapitalistek ez dute zerbitzu pulikorik erabiltzen; beraientzat zerbitzu pribatuak daude eta: ikastetxeak, osasun-zentroak, ziurtasuna, etxe-laguntzaileak,...) Baina guztionak diren zerbitzuak ederki mugatu egin dira: ikastetxeetan irakasle gutxiago,; osasun zentroetan mediku eta erizain gutxiago; eriak artatzeko aldiak murritzagoak; pertsonak dependenteen laguntzak geldituta; e.a. Diru bilketa eskasagoaren aurrean PSOEk emandako irtenbidea penagarria bezain lotsagarria izan da: Funtzionarioei soldata jeistea eta pentsioak izoztea. Gizateriaren kontrako neurri ekonomikoak asmatzen jarri eta zail gertatuko litzaidake neurri hoberik. Neurri atzerakoiak, eskuin-mutur zaleak, irudimen eskasekoak, errazkeria-zaleak,... Martxan jarritako neurri guzti-guztiak eskuin muturrak diktatutakoak dira. PSOE-PSE-PSNri ausardia eta irudimena falta izan zaizkio.
Neurri guzti hauek krisiari buelta emanen diote, ez dut dudarik, baina bueltaren ondotik aberatsak aberatsagoak izanen dira eta pobreak pobreagoak. Gainera, bidean, urteetako borroketan lortutako hainbat eskubide ezabatuta geratuko dira. Ba al dago lotsa handiagorik bere burua ezkerrekotzat duen alderdi batentzat? Agian bai, iretenbiderik ez ematea esate baterako. Beldur horren aurrean PSOEk nahiago izan du eskuinaren errezeta hartu.

NOLA ATERATZEN GARA KRISI HONETATIK??

PSOEk (PSE-PSN eta beste PSOE guztiak) zerbait galduko du baina duin eutsiko dio. Eskuinaren errezeta honek emaitza azkarrak ematen baditu, PSOEK jasoko ditu sariak. Hala ere eragindako sufrikarioa hainbatekoa izan da ezen eta PPk aurre hartuko dio Espainian. Diferentzia txikiaz nire uztez, baina aurre hartuko dio.

PPk aski izan du zain egotea. Ezer egin gabe Espainiako gehiengoa izanen du. Gainera bere eredu ekonomikoa indartuta dago. Besteek egin diote lan zikina. Hala ere bere irabazpena ez da hainbestekoa izanen, larri ibiliko da eta besteen laguntza beharko du bere programa ateratzeko.

ABERTZALEEN ESKUINAk ez du ekarpen nabarmenik egin eztabaida honetan. Bere esku-hartzeak beste klabeetan izan dira. Nire ustez aukera ederra galdu dute programa berritzailea agertzeko. Seguruenik PSOEk segitutako politika ekonomikoarekin ados egon dira (Espainiako bozketa garrantzitsuetan hala agertu dira). Horrek zaildu die benetako alternatibatzat agertzea.

ABERTZALEEN EZKERRAK. Nire ustez ARALARrek oso politika positiboa eta eraikitzailea egin du krisi honetan. Programa ekonomiko laburra eta sendoa plazaratu du. Politika fiskalaren inguruko eztabaida eragin du. Aralarren arazoa ez da idearioaren falta, herriarengana iristeko zailtasuna baizik.

NABAI. Zein da NABAIren programa krisi ekonomikoaren aurrean? Nik behintzat ez dut ezagutzen.

_____________

ERANTZUNAK

Fernando: agur bero bat eta segi dezagun aurrera!
Ezkerpareta: Ados nago zurekin Aralarren lana txalotzerakoan. Galdera zera da: lorzen ari al gara gizarteratzea? NABAIri buruz ni ez naiz hain baikorra. UPN ez dut ahulduta ikusten, oriandik. Luzera, jakina, PPrekiko desmarkeak kalte handia eginen dio, baina ondokoetan eutsiko dio. Barcinak kontsebadurismoak eskatzen duen guztia eskaintzen du: ordena, tradizioa, erlijioa, obra publikoa, populismoa,... Nafarroako kontserbadoreen bozkak bilduko ditu. Kontuz gero!!
Altsasutik: Ezin da hobeto azaldu! Nola saldu da hain merke ezkerreko proiektu polit hau?

ESKERRIK ASKO ETA HURRENGORA ARTE. BESARKADA BAT.

martes, 17 de agosto de 2010

BUELTAN NAGO

Kaixo lagunak:
Aspaldiko!
Joan den ikasturtearen bigarren erdian lanaz lepo ibilita, bazter utzita izan dut dibertimendu hau. Oraingo honetan arinxeago nabilelarik saitu behar dut nire ahalegintxoari segida ematen.
Interesgarri datorkigu ondoko ikasturte politikoa. A zer erronka: estatuko hauteskundeak, horretaz gainera udal eta aldundikoak Euskadin eta udal eta gobernukoak Nafarroan. Aitortu behar dut, nire lotsarako, Ipar Aldeko hauteskunde egutegia ez dudala menperatzen. Edonola ere Euskal Herriko Hego Aldeko potere gune askotako aulkiak jokatzen dira epe laburrean. Abuztuaren bukaeraren bueltan hasiko dira makinak martxan. Irratiari so eginez dagoenekoz hasiak direla antzematen da. Oporretatik bueltatu diren politikariak ez dira denbora galtzen ari eta hasita daude hauteskunde usaia darien deklarazioak.
Bestalde, inork aitortzen ez badu ere zer edo zer badago sukaldeetan eta sukalde ez diren besteetan; Aralarrek EAk eta Batesunak ez dute sukaldearen beharrik izan, orain arte behintzat.
Neuk antzematen ditudan gakoak:
1/ Krisi ekonomikoa.
2/ Gizarte eredua (eredu ekonomikoa)
3/ Pakegintza
4/ Unionismo espainiarra eta nazionalismo desberdinen arteko tentsioa.

Joku konplikatua bezain interesgarria. Politikazale garenontzat benetan kilikigarria.

Zernola daude kokatuta alderdiak?
PSOE (PSE eta PSN barne). Ez dut uste esaten den bezain gaizki dagoenik. Hartutatko neurri ekonmikoek eta kanpoko laguntzek emaitza onak ekartzen badituzte, gora egingo du. Kontuz gero!! PPk ez du erraza izanen. Ez naiz ausartzen Euskadin eta Nafarroan zertan dauden esaten. Euskadin oso kudeaketa arrunta egiten ari direla iruditzen zait, ausardirik gabea, kontserbadorea eta motela. Baina euren biktimismoak zein politika anti abertzaleak (terrorismoaren biktimek lagunduta) izan ditzakete bere hauteskunde ondorioak, positiboak eurentzat. Nafarroan idem; PSN-k, UPNren makulua izanik, oso jarrera antzekoa du.

EAJ-PNV. Hamaika burutako alderdia da une honetan. Oraindik-orain bere tokiaren bila dabilela ematen du. Urte eta erdia pasa da eta ez du oposizio toki egokirik topatu. Bestalde, Urkullu lan ona egiten ari da, baina EAJ-ren eredua dela eta, Ibarretxe joanez geroztik buru baten faltan daudela ematen du. Irudiaren garai hauetan izaera honek ez du lagungarri. Dena den, oraindik orain garaiz daude. Bozka-zolari ("suelo electoral") delakoari eusten badio, bueltatuko da galdutako potere guneetara luze gabe.

BATASUNA. Nahi nuke bide politikoan murgiltzea, indarkeriari uko egitea, amnistia negoziatzea, eta ezker abertzale integratu baten jaioaldi berri baten protagonistak izatea. Egonen al da hurrengo hauteskundeetan? Bere siglekin ez dut uste, zoritxarrez.

PP. Gora egingo du, PSOEren kaltetan. Segituko du oraingo rola bereetan, baina are eta indartsuago.

UPN. Lehen indarra Nafarroan. Barcinaren eskutik PPrekin gobernatuko du. Politika antiabertzaleak segida izanen du nire erresuma errepublikanoan.

ARALAR. Euskadin itzalita dago. PSEk ez dio kantxarik eskaintzen; Unionismo eskuindarraren aldekoek are eta gutxiago. Bereak eta bi egin behar ditu burua ateratzeko. Dena den orain arte politika zuzena eta koherentea egiten ari delakoan nago. Izanen al du isladarik hauteskundeetan? Nafarroan galduta dago NABAIren barruko eztabaida antzuetan. Nik neronek Nafarroan ezker abertzale sendo eta integratua (ARALAR, eredu eta izena) errotzeko aukera historikoa galdu dugun ustea daukat.

EA. Bejondeiela!

BATZARRE. Azkenik NABAIren baitan izango dira. Azken momentuan.

UPyD. Euskadin... ez dakit. Nafarroan, ezer ez.

Ibili eta buelta ABERTZALEOK ez gaude unerik onenean. Badugu zer pentsatu eta zer proposatu. Nafarroak segitzen du gure suspentsoa izaten. Noiz gaindituko dugu? Euskadi zertan gauden ez dakigu. Ondoko hauteskundeek emango digute guztion neurria.

Espainia proiektua hausten bada, Kataluniak eraginda izanen da. Hango nazionalismoak bide zibil eta politikoari eutsi zion aspaldi, eta arian-arian, lortzen ari da.

Ondoko sarreretan, ez alderdiak, baizik gakoak (krisi ekonomikoa, gizarte eredua, pakegintza, e.a.) aztertu beharko ditugu.

HURRENGO ARTE LAGUNAK!!

Besarkada bat,

Irakurlerik badago, seinalerik eman dezan, faborez. Beti ere motibagarria suertatzen da.

sábado, 20 de febrero de 2010

Partida aurrera doa

Agur t’erdi lagunak; agur t’erdi Josu eta ongi etorria eztabaida plaza txiki honetara.

Lehengo batean “noticias” taldean oso artikulu polita irakurri nuen Euskal politikan jokatzen ari den xake partidaz. Nik mus jokoaren metafora erabili nuen; kazeta honetan xake partidarena. Agian bigarren hau irudimentsuagoa da. Dena den bene-benetako partida jokatzen ari da Euskadi Elkargo Autonomoan EAJ eta PSEren artean, lidergo politikoa saria delarik. Mugimenduak oso-oso pentsatuak dira, partida mantsoa da, eta beti ere norbere posizioa zainduz. Momentuz inongo jokalarik ez du pieza askorik galdu, nago ni, eta partida erabat irekita dago oraindik. Ez dut desorekarik ikusten.

EAJ oso ondo zaintzen ari da bere esparrua. Oraindik ez du bere erregea (edo erregina) erakutsi. Eta hori oso arma baliagarria izan daiteke gerora. Ikusiko dugu errege/erregina izendatzearekin asmatzen duten.

PSE ere bai oso ondo zaintzen ari da bere erregea. Peoiak eta bestelako figurak la ona egiten ari dira erregea babesteko lan honetan. Baina ezin da irabazi, defentsara jokatuz. Noizbait hasi beharko dute erasoan. Orduan jokatuko da fase erabakiorragoa, hauteskundeei begira.

PP ere bai ondo laguntzen ari da errege babesteko lanean, baina bere interesak deskuidatu gabe: Euskara, Hezkuntza,… berezkoak dituen gaiak behin eta berriz aipatzen ditu, protagonismoa ez galtzeko. PSEk beharrezkoak direnak eskaintzen dizkio: telebista, oihartzun mediatikoa, e.a.

Eta besteok?

Zurekin ados nago erabat, Josu, Aralarren proiektuari dagokionean. Izugarri lan baliagarria, ezkertiarra eta abertzalea, egiten ari da Euskadi Komunitate Autonomoan. Nik zera diot, oposizio lan polita egiten ari delarik, Aralar arriskutsua da PSErentzat, ezkerreko politika aldarrikatzen duelako eta koloreak ateratzen dizkiolako gobernuari. Arriskutsua da EAJrentzat, oposizio lanetan protagonismoa ken diezaiolako. Arriskutsua da EArentzat, alderdi honetako bere burua sozialdemokratatzat jotzen duen sektorearentzat Aralar erreferentzia politiko gardenagoa delako. Arrsikutsua da Ezker Abertzale tradizionalarentzat, Aralarren bidea, oinarri programatikoa eta antolakuntzazkoa erabat gardenak eta definituak direlako; gainera indarkeriarekiko jarrera ez du zirrikiturik erakusten. Arriskutsua da EBrentzat, aurreko arrazoi guztiengatik. Arriskutsua da oro har unionistentzat proiektu independentista gardena eta demokratikoa proposatzen duelako.

Testuinguru honetan Aralarrek biderkatu behar du bere lana, oihartzun soziala lortzeko. Inork ez dio mesederik egingo. Beraz, jakina, lan egitea tokatuko zaigu.

----------- * ------------

EA galbidean sumatzen dut nik ere bai. Irautea du helburu bakarra une honetan.

EB, mugen arteko espazioa okupatu nahirik berriz ere. Baina, ba al dago espaziorik Aralar eta PSEren artean?

---------- * -----------

Josuk “sirenaren kantuak” aipatzen ditu eta zera esaten du: Aralarrek muzin egin behar diela kantu hauei. Ados nago, bai. Baina galdera bat botatzen dizut: Nafarroan nondik datoz “sirena kantu” hauek? Euskadi Elkargo Autonomoan Aralarrek errepresentatzen duena, ez al dugu errepresentatu behar Nafarroan ere bai?

---------- * ----------
Momentuz utzi dezagun Ezker Abertzale tradizionalaren baitan egiten ari den eztabaidaren ondorioak, eta ETAren jarrera, hurrengo baterako. Plaza publikoan gaia aipatzeko goizegi ote den nago ni, baina eragile politiko garrantzitsua da EAO eta ezin alboan utzi. Hurrengo batean baietz!

Zuen erantzunaren zain, besarkada bat, lagunak.

jueves, 11 de febrero de 2010

MUSEAN

Musean ari dira alderdiak. Tanto guztiak banaka-banaka jokatuz; arretaz eta ordagorik jo gabe, badaezpadaere.
Foraletan ikusiko da zeinek irabazten duen lehenengo txikia. Hemendik 3 urte luzeetara partidaren bukaera. Urruti samar begiztatzen da oraindik, tentsioa eta kontzentrazioari eutsi beharko zaio ordura arte.
---------------
Galdera bat: benetan nahi al dute kolaboratu PSEk eta EAJk? Pose mediatikoa ote? Elkar bultzaka ari dira argazkitik elkar ateratzeko.
---------------
PP eroso; egurra bi aldeetara.
---------------
EB mugitzen ari da. Bere leku naturalera bueltatzen da. A zer mina egin dion potereaz baliatu nahi izateak.
----------------
Aralar lagun desorosoa bilakatu da guztientzat. Bukatu dira inongo mesede edo begirunerik, inoiz izan baldin bada. Bukatu da ETB, prentsa eta gainerakoa. Borroka latza egin beharko du burua agertzeko.
-----------------
EA?
-----------------
Nafarroa, Nafarroa... NaBai, Nabai... zain segitzen dugu. Azken eternitatean bezala.
-----------------
Besarkadaren aurretik: Ba al gaude paketik hurbilago?

Orain bai, besarkada bat

viernes, 22 de enero de 2010

NAFARROAN ARALARREK ZABALDU DU MELOIA

Kaixo lagunak:
Nafarroako politikan une garrantzitsu baten atarian gaudelakoan nago. Euskadikoan ere bai, abertzaleen arteko elkarlanari dagokionean.

Nire ikuspuntuaren arabera hona gakoak:

1.NaBai-ri ailegatu zaio zirt edo zart egiteko momentua. Izan ere kideen arteko etengabeko liskarrek agerian uzten dute bestelako egitura eta akordioen beharra.
2.Aralarrek mahaiaren gainean jarri du proposamen politikoa eta antolakuntzazkoa. Horretaz gainera epe bat seinalatu du, martxoaren 15a. Izan ere hateskundeetarako prestatu egin beharra dago eta ez dago gehiago atzeratzerik.
3.NaBai-ko hainbat kiderentzat egungo egoera oso erosoa da, gain-errepresentatuta daudelako. Alderdi nagusiak (Aralar) ere bai elkarketaren sinergiak hartzen ditu, baina besteek baino ordain handiagoa egiten duela ematen du.

Baina...

-Batzarre desoroso dago NaBairen baitan, koalizioaren politika ezkertiarra epeltzat jota. Bestalde, abertzaleen eraikuntza nazionalak, naziogintza, ez du hainbeste motibatzen. Erribera aldean PSNko adar ezkertiarrekin eta PSNtik kanporatutakoekin lanean ari dira. Izan ote daiteke koalizio berri baten abiapuntua, NaBai alboratuta?
-EAren egoera oso iluna da. Hamaika bat batetik, Ezker Abertzale ilegalizatua bestetik, poloaren mamua... Errespeto handia diot alderdi honi. Behingotik argitu beharko du bere jarrera NaBairi dagokionean. Une larri honetan nahiago dut kritikarik ez egitea. Dena den zera esango dut: nire ustez bidea erratzen ari dira. Politikan ez dago bi aldeetan egoterik.
-EAJren porrota historikoa Nafarroa izan da. Ba al da NaBai bere toki naturala?

Koalizioaren kideek behartuta daude posizioa hartzen. NaBai egungo Nafarroako bigarren indarra izanik, ez dago ukatzerik une garrantzitsu batean gaudela.

Bi hilabete interesgarri izanen dira hurrengoak.

Bestetik:

PSN ahaleginetan ari da bere burua UPN-tik desberdintzeko hauteslegoari begira. Lan zaila du, erabakitzeko momentuetan eten gabe UPNrekin batera posizionatzen delarik. Errezago zaio NaBaitik bereiztea: aski du behin eta berriz FSEkiko jarrera aipatzea.

IUNk ezkerretik aurreratu nahi du PSN. Ematen du PSNren politika posibilista eta zentralistak "chance" eman diezaiokeela. Hala ote?

Eskuinetik ere bai badago zer ikusi: zer erlazio izango dute UPNk eta PPNk bereizketaren ondoren? zein izango da bakoitzaren gizarte oinarria? Zer egin behar du CDNk?

Lagunak, ikusten duzuen bezala gure Nafarroa maitea benetan berezia da. Eta oriango honetan puzzle politikoak inoiz baino pieza gehiago dauzka. Ez al dugu inoiz ikasiko?

Euskadi Elkargo Autonomoari buruz, hurrengo batean.

Eta hurrengo batean ere bai azalduko dizuet nire jarrera pertsonala NaBairi dagokionean. Orain ez da momentua jarrera pertsonalak leku publiko batean agertzeko. Barruan badakite nola pentsatzen dudan.

Besarkada bat irakurle guztiei,

martes, 5 de enero de 2010

HIRU DESIO

Agur t'erdi lagunak:

Hasiera eman diogu urte berriari.
Koalizio unionistak gobernatzen ditu Nafarroa eta Euskadi. Abertzaleok ez gara gai izan gure indar sozialaz baliatzeko. Datorren urte honetan eragitearekin konformatu beharko dugu.

Datorren urtea aurre-elektorala izanen da. Hauteskundeei begira ikusiko ditugu mugimenduak. Nire ustez une honetan berrikuntza nabarmenena zera da: Koalizio Unionistak ilegalizatutako Ezker abertzalearengan ematen ari den eztabaida. Disimuluak-dismulu, guztiok horri begira gaude. Errespetuz jarraitzeko asmotan nago.

Data hauetan ohikoa izaten da urterako desioak plazaratzea. Neuk ere bai halaxe eginen dut:

1.- Pakea Euskal Herrian.

Arrazoibide etikoak oinarrian, arrazoibide politikoek ere bai horren aldeko hautua bultzatzen dute. Egun, borroka armatuak sufrimendua ekartzeaz gainera, eraginkortasun politikoaren murrizketa eta higadura etengabea erakartzen ditu.

2.- Amnistia.

Euskadiko Elkargo Autonomoko Gobernuaren Delegatuak izaera politikoa aitortu zion ETAri. Nik bat egiten dut berarekin.
Ez dut uste une honetan bapateko amnistia ematerik dagoenik, baina badago pausoz-pauso egin daitekeen askatasunerako bidea. Amnistia graduatua, adostutako deserriratzeak barne.

3.- Ezker Abertzalearen berregituraketa.

Pake politikoa ezarrita, Ezker Abertzale osoak bere barne ika-mika ergelak baztertu beharko ditu eta barne egituraketa demokratikoa oinarritzat hartuz, alderdi bakar baterantz jo beharko du. Zenbat eta lehenago ekin, orduan eta hobe. Zertan gaude, pake giroan, EA ilegalizatutakoa, Aralar, Hamaika1, EA, Alternatiba, Batzarre, Batasuna, Abertaleen Batasuna, eta beste?

Urte berri on lagunak.