sábado, 20 de febrero de 2010

Partida aurrera doa

Agur t’erdi lagunak; agur t’erdi Josu eta ongi etorria eztabaida plaza txiki honetara.

Lehengo batean “noticias” taldean oso artikulu polita irakurri nuen Euskal politikan jokatzen ari den xake partidaz. Nik mus jokoaren metafora erabili nuen; kazeta honetan xake partidarena. Agian bigarren hau irudimentsuagoa da. Dena den bene-benetako partida jokatzen ari da Euskadi Elkargo Autonomoan EAJ eta PSEren artean, lidergo politikoa saria delarik. Mugimenduak oso-oso pentsatuak dira, partida mantsoa da, eta beti ere norbere posizioa zainduz. Momentuz inongo jokalarik ez du pieza askorik galdu, nago ni, eta partida erabat irekita dago oraindik. Ez dut desorekarik ikusten.

EAJ oso ondo zaintzen ari da bere esparrua. Oraindik ez du bere erregea (edo erregina) erakutsi. Eta hori oso arma baliagarria izan daiteke gerora. Ikusiko dugu errege/erregina izendatzearekin asmatzen duten.

PSE ere bai oso ondo zaintzen ari da bere erregea. Peoiak eta bestelako figurak la ona egiten ari dira erregea babesteko lan honetan. Baina ezin da irabazi, defentsara jokatuz. Noizbait hasi beharko dute erasoan. Orduan jokatuko da fase erabakiorragoa, hauteskundeei begira.

PP ere bai ondo laguntzen ari da errege babesteko lanean, baina bere interesak deskuidatu gabe: Euskara, Hezkuntza,… berezkoak dituen gaiak behin eta berriz aipatzen ditu, protagonismoa ez galtzeko. PSEk beharrezkoak direnak eskaintzen dizkio: telebista, oihartzun mediatikoa, e.a.

Eta besteok?

Zurekin ados nago erabat, Josu, Aralarren proiektuari dagokionean. Izugarri lan baliagarria, ezkertiarra eta abertzalea, egiten ari da Euskadi Komunitate Autonomoan. Nik zera diot, oposizio lan polita egiten ari delarik, Aralar arriskutsua da PSErentzat, ezkerreko politika aldarrikatzen duelako eta koloreak ateratzen dizkiolako gobernuari. Arriskutsua da EAJrentzat, oposizio lanetan protagonismoa ken diezaiolako. Arriskutsua da EArentzat, alderdi honetako bere burua sozialdemokratatzat jotzen duen sektorearentzat Aralar erreferentzia politiko gardenagoa delako. Arrsikutsua da Ezker Abertzale tradizionalarentzat, Aralarren bidea, oinarri programatikoa eta antolakuntzazkoa erabat gardenak eta definituak direlako; gainera indarkeriarekiko jarrera ez du zirrikiturik erakusten. Arriskutsua da EBrentzat, aurreko arrazoi guztiengatik. Arriskutsua da oro har unionistentzat proiektu independentista gardena eta demokratikoa proposatzen duelako.

Testuinguru honetan Aralarrek biderkatu behar du bere lana, oihartzun soziala lortzeko. Inork ez dio mesederik egingo. Beraz, jakina, lan egitea tokatuko zaigu.

----------- * ------------

EA galbidean sumatzen dut nik ere bai. Irautea du helburu bakarra une honetan.

EB, mugen arteko espazioa okupatu nahirik berriz ere. Baina, ba al dago espaziorik Aralar eta PSEren artean?

---------- * -----------

Josuk “sirenaren kantuak” aipatzen ditu eta zera esaten du: Aralarrek muzin egin behar diela kantu hauei. Ados nago, bai. Baina galdera bat botatzen dizut: Nafarroan nondik datoz “sirena kantu” hauek? Euskadi Elkargo Autonomoan Aralarrek errepresentatzen duena, ez al dugu errepresentatu behar Nafarroan ere bai?

---------- * ----------
Momentuz utzi dezagun Ezker Abertzale tradizionalaren baitan egiten ari den eztabaidaren ondorioak, eta ETAren jarrera, hurrengo baterako. Plaza publikoan gaia aipatzeko goizegi ote den nago ni, baina eragile politiko garrantzitsua da EAO eta ezin alboan utzi. Hurrengo batean baietz!

Zuen erantzunaren zain, besarkada bat, lagunak.

1 comentario:

  1. Kaixo Xabier,

    "Sirena kantuak" nioen poloarekin edo dena delakoarekin lotutako kontuengatik. Izan ere, ez dakit, oso ongi zer esan nahi duen: abertzale guztioen bilgunean ote den, udal hauteskundeetarako hautu bat, ezkerreko independentismoa batzeko egitasmoa... Horrez atzean ezkerreko abertzaletasuna batzeko egitasmoa badago, aurrera dudarik gabe, baina poloaz hitz egiten dabiltza inongo edukirik eta estrategia zehatzik aipatu gabe. Egongo da zerbait, noski, baina arraroa da EA bakarrik ari dela hauteskundeetarako aukeraz soilik mintzatzen eta EAOk berriz ez du aipatu ere egin.

    Aralarrek EAEn egiten ari den lana eta hartzen ari den perfila Nafarroan ere mantendu behar luk:, abertzalea, ezkerreko planteamendu eraldatailea eta euskaltalea. NaBAin egoteak aldiz, perfil hori lausotzea dakar eta horregatik da ezinbestekoa programa sendo bat adostea, bestela, NaBai helburu bihurtuko da eta ez aldaketarako tresna.

    EAOri dagokionez, dudarik gabe, oso kontuan hartzekoa eta are geiago bere azken gogoeten emaitzak irakurri eta gero. Oso ondorio pozgarriak, bide berriak irekitzen dituztenak, eta elkarren errespetuan oinarrituta aro berri baten hasiera izan liteke, eta horretarako, denok gure akatsak onartuz, denok eman beharko dugu gure aldetik zerbait eta gure posizioak mugitu beharko ditugu halabeharrez. Orain 10 urte esaten genuena esan dutela? Ados, baina ongi etorria eta ezker abertzake berria eraikitzera!

    Josu

    ResponderEliminar