lunes, 6 de septiembre de 2010

BERRI ONAK

Kaixo lagunak:
Berri onak ekarri ditu iraila honen hasierak. Ez nahi bezain onak, hala ere. Edonola ere nik zalantzarik ez dut berri ona dela ETAk biolentziaren geldialdia iragartzea. Oraindik zalantza askotxo dago (nik ez ditut errepikatuko), baina… beste “baina”rik jarri nahi ez dudanez, puntua jarriko dut..
Nire ustez bueltarik gabeko prozesua da (hala izango al da behingotik!). Borroka armatuak ez du aterabide politikorik, ez du justifikazio etikorik ezta politikorik ere eta, gainera, min handi-handia egiten dio Ezker Abertzale zaharrari. Horretaz oharturik oraingo kontua bukaeraren nolakotasuna kudeatzea, batzuek eta besteek, izango da. ETA poliki-poliki ahulduz joan da eta galbidean sartu du bere burua.. Ez dut uste ezer negoziatu ahal izango duenik (politika mailan, noski, ezer ez; eta desarmeari eta preso eta errefuxiatuen egoera eta ber-gizarteratzeari buruz, ikusi behar).
Abertzale ezkertiarrok aldi berri baten atarian gaude. Gainerakoentzat aldaketa garrantzitsu eta pozgarriak izango dira, hala nola bizkartzainik gabe bizitzea eta askatasunean bizi ahal izatea, baina ez aldaketa politiko nabarmenik. Izan ere, ETAren ahulezia dela medio bere desagerpenak ez du inolako aldaketa politiko nabarmenik eragingo sektore unionista zein abertzale eskuindarren esparruan. Are eta gehiago ETAren jardunak aukera eman die bere posizio politikoa finkatzeko, eta horretan iraungo dute, epe laburrean behintzat.
Ezkertiarrok gaude deituta gure burua argitu eta birkokatzeko. Gure harreman eta sare politikoak definizio berriak izango dituzte. Orain ere bai, ikusi behar nola kudeatzen dugun egoera berria.

NIRE LAGUNEI ERANTZUNEZ

Nafarroako Ezker Abertzalearen izatea oso arazotsua izan da beti. Aralarren proiektua oso ondo definitua dago, baina definizio hau lausotu egiten da NABAIren baitan. Horretaz diot nik Ezker Abertzalea errotzeko aukera galtzen ari garela.
Neuk, “NABAI : bai ala ez?” galderari erantzuna eman izan diot Aralar Nafarroaren baitan behin baino gehiagotan, nire arrazoibideak agertuz. Gaurko une politikoa oso berezia da eta debate sutsu honi ez diot alferrrikako egurrari eman nahi. ARALAR alderdi demokratikoa da, behar den bezala hartuta daude erabakiak. Nafarroan hartutako erabaki taktikoak ez datoz bat nire ikusmoldearekin, baina gehiengo zabal baten iritzia ordezkatzen dute. Beraz hartutako erabakiak ahalik eta hobekien kudeatzea opa diet horretarako ardura bizkar gainean hartu dutenei.
Nire buruari galdetzen diot une politiko honetan NABAI ren gainean inolako debate estrategikorik ireki ote daitekeen. Ezezkoan nago; hauteskundeak atarian daude, programak zehaztu behar dira, zerrendak lantzen hasi beharra dago,… Ez da momentua erabakiak berraztertzeko, erabakitakoa ahalik eta hobekien kudeatzeko baizik.

Lagunak, beste une politiko, edo beste tokia, beharko dugu “NABAI: bai ala ez?” gai interesgarriari buruz eztabaidatzeko.

Ea hurrengoan, agindu bezala, “Proiektu ekonomikoa” gaiaz aritzeko betarik ote dudan.

Besarkada bat, lagunak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario