lunes, 29 de noviembre de 2010

NON DAGO EZKERRA?

A. Zapatero Espainiako ultraeskuindarren itzalpera joan da lasterka, beldurraren beldur. Pertsonaia honen gira-bira ulertezina egiten zait. Ezkertiar aurrera-zalea eta ausartatzat aurkeztu zuen bere burua; nik neronek halakotzat nuen, baina ekonomiak zigortu gaituenenan, a zer aldaketa! Ez du lotsarik izan 39 enpresari diztiratsuenen esanetara makurtzeko. Haiengan bilatu ditu aholkuak, horiengandik lortu du etorriko zaizkigun neurrien justifikazioa. Ez dakigu zer eskatu dioten; ez dakigu zer ordainduko dien. Badakigu guzti hau ez zaigula dohainik aterako. A zer poza guzti hauena, eskuinaren ordezkari argiak batzuk, muturreko eskuineko ordezkari ilunak haietariko beste asko. Bien bitartean ezkerra isilik, zapuztuta, kuzkurtua bere baitan, beldurti. Ez al dugu aukerarik? Ez al dugu proposamenik? Ez al dugu pentsamendurik?

B. Katalunian CiUk irabazi du, argi eta garbi. Oro har zentroaldeko eskuinak bildu du hautesleen bozka gehienak. Ezkerraren ahotsa isilduta geratu da. Iniziatibak eta Ezker Errepublikarrak, PSCrekiko zuten hartzaren besarkada hartatik askaturik, ahotsa goratuko dute. Denboraz kanpo, zereginik ez dutelarik. PSCk barne hausnarketa sakona egin beharko du eta ideia eta lidergoak berritu.

C. Euskadin, PSEk ez du ekimen ezkertiar bakar bat ere aurkeztu, daramagun legealdi honetan. Eskuinaren ideologiaz babestuta dago, eta PPrekin duen hitzarmenak aitzakitzat baliatzen du, ezker politikarik ez egiteko. Aitortu behar dut sentiberatasun ezkertiarra sumatzen dudala Hezkuntza esparru zabalean. Saiatzen ari dira eusten Hezkuntza Publikoari; publikotasunaren zutabe hau, behinik-behin, ez dadila eror. Seguruenik Isabel Celáa izanen da Gobernu honetan zeresan handienetakoa.

D. Nafarroan UPN indartsu antzematen dut. Ahulezirik antzematen bada, berehala agertzen zaio PSN bidelagun. Nire ustez biak ala biak hauteskunde ondorengo koalizioa gozotasunez heltzen ari dira. Elkarretaz gustatzen diren maitale hasi berrien moduan jokatzen ari dira. Eztabaida txikiak antzesten dituzte, gainerako lagunen atentzioa eurenganatzeko, baina gero eta kateatuagoak dira. PSN ez da gai UPNren politika eskuindarra eztabaidatzeko; bere aurkakotasunak bigarren mailako aferetan edo zama ekonomikorik ez duten horietan daude. Eredua ez dute inolaz ere zalantzan jartzen, ezin dute.

E) Ekarpen interesgarrienak ARALAR alderdiak egin ditu. Bere dekalogoa oso mamitsua da. Baina komunikazio-bideegileen interes faltarekin topo egiten du behin eta berriz. Ikustear dago irekitzan ari den hauteskunde garai honetan gai ote den bere mezua helerazteko.

F) NABAIren ideologia ezkertiarra, aldarrikapen teorikoez haratago, erakusteko dago. Zinez ez dut uste PNV, EA, eta hainbat "independiente nabai-zale" ezkerrekoak direnik. Ez dut kritika moduan esaten. Eskuin humanista (ez basatia) erabat ulergerri egiten zait aukera ideologikoa bezala. Liberalismo eskuindarrak tradizio handia du gure artean. Zer esanik ez sozialdemokrazia deiturikoak. Beraz ez dut eskuinaren ideologia demonizatzen edo iraintzen, ez eta gutxiago ere. Bestalde, ez naiz ni inor horretarako. Baina "ezkerrekotzat" jotzen badugu gure burua, ekintzez eta ekimenez erakutsi beharko dugu. Ez gara esaten duguna, egin-egiten duguna baizik.

G) Ezker Abertzale tradizionala bere legetasuna lkantzen ari da. Beste eztabaida batean murgilduta dago. Une honetan, aldarrikapen toerikoez haratago, ez du ekarpen ezkertiarrik egin. Ulergai egiten zait niri egoera.

Beraz, Eskuin haizeak nagusitu dira. Ni neu ezkerrak zeresan handirik baduelakoan nago. Zegatik ez da entzuten?

Besarkada bat, lagunak

No hay comentarios:

Publicar un comentario