Kaixo Lagunak:
Lanarekin distraitu xamar ibili naizen ezkero nahikoa utzita eduki dut gure dibertimendu arin hau. Denbora dexente sartu gaberik egonda, gaurkoan funtzio berri bat atzeman dut Blogger honetan. "Comentarios" izena duen bekain berria agertu zait. Honen bidez irakurleek egiten dituzten aipamenak kudeatzeko gaitasun batzuk eskaintzen dizkit programak. Ohartu naiz irakurle lagunek bidalitako aipamen batzuk SPAM moduan jasota zeudela. Horren ondorioz ez ziren argitaratu. Ezabatu diet aipatu etiketa eta argitaratu izanen dira. Orain artekoan SPAM izate kontsiderazio horiek programari atxiki behar zaizkio. Arraioa, hauek dira hauek inbentoak!!
Zertan gaude lagunak?
Badirudi PPSOEK, EAJk lagunduta, paketze eta normalizazio prozesuari galga jarri diotela. Azken aste honetan denboraren (tempo famatua) kudeaketarako estrategian aldaketak egin dituzte. Ez dute presarik; ez dute azkar joan nahi. EAJ-ren aurkakotasun gogorrik ezean, badirudi hurrengo Foru eta Udal hauteskundeetarako aurrekoen estrategia errepikatu nahi dutela. Alegia, Batasunari hauteskundeetan parte hartzea eragotzi nahi diote, alderdi honek bere bozkak zakar-ontzira botako dituen esperantzan. Hala bada, abertzalegoaren kalterako; etxe-kalte beti ere.
Euskal Erkidego Autonomoan, poliki-poliki, alderdi guztiak bere tokia hartzen ari dira. Fronte espainiarra kontsolidatzen ari da, EAJ-k Madrideko protagonismoa eta laguntza dela medio, bere tokia hartu du. Batasuna etengabe komunikabideetan, etengabeko sufrikarioan (epaiketak, atxiloketak,...). Besteok, borroka latzean burua agertzeko. Nahiko lan!!
Nafarroan, UPN inaugurazioak bata bestearen atzetik, Sanz eta Barcina eskuz-esku. Alderdiaren aparatoa lasai, haien atzetik. Hauteskundeen emaitzak espero bezain onak ez badira, etxe guztietan bezala, espektakulu polita ikusiko dugu. PP ere bai, lasai dago; lehenengo enbidoa du hau, ezer ez galtzeko eta askotxo irabazteko. PSN, egun duenarekin konformatu egiten dela ematen du. Etxe honetan ere bai, emaitzen zain. Ikusiko dugu hauteskundeen ondoren Jimenez, Lizarbe, eta enparauek zernolako bidea hartzen duten.
Abertzalegoaren baitan, zer?
Zer ondorio izanen du Batzarreren ateratzeak NABAI-ren emaitzetan? Ez dakit, ez dut uste eragin negatibo handirik izanen duenik, baina eragin positiborik seguru ezetz. Edonola ere, emaitzez aparte, proiektua bera ahuldu delakoan nago ni. Ezkerreko sentiberatasuna duen alderdia joanda, korronte honetako pentsamoldea ahuldu egiten da NABAIren baitan. Eta, Aralar izanik koalizioaren jatorria, ezkerreko ideologia gure oinarri teoriko-praktikoa dela ez genuke eztabaidatu behar. Ezkerrean ainguratuta al dago egun NABAI?
Lagunak, hauteskundeak hurbiltzen ari direnez, dibertimenduari eusteko proposamena egiten diot nire buruari. Politikazaleok dibertitu ere bai egin behar dugu politikarekin. Animatu dezagun plaza!
Ondo izan
No hay comentarios:
Publicar un comentario