Agur t’erdi irakurle jator hori (dagoenekoz bi baditut):
Igaro da hauteskunde eguna eta jada emaitzen inguruko berriak zaharkituta geratu dira. Dena den hau ez da eguneroko berriari atxekitutako egunkari komertziala, erakuskeria pitin batez blaitutako pertsona baten denbora-pasa baizik. Honenbestez ez nau hainbeste arduratzen gaurkotasunak.
Denbora-pasa honetan alderatuko ditut nire kiniela (ikus aurreko sarrera) eta izandako emaitzak. Hona:
ALDERDIA NIRE KINIELA EMAITZA ALDEA
EAJ-PNV ------ 28---------30------- +2
PSE-EE --------24--------- 24-------- =
PP------------- 15 ---------13 ------- -2
ARALAR -------3 -----------4 ------- +1
EA -------------2 -----------2--------- =
EB------------- 3 -----------1 -------- -2
UPD -----------0 -----------1--------- +1
Goazen orain analisiarekin:
EAJ-PNV – Bejondeiela!! Zoriondu beharrean nago. 28 eman nizkien eta 30 lortu dituzte. Alderdiak politika sena eta heldutasuna erakutsi ditu. Barne liskarrak ondo kudeatu dituzte, eta behar zen unean trinko agertu dira liderraren inguruan. Ibarretxe jaunak lidergo sendoa erakutsi du. Hainbeste urteren ondoan honelako emaitzak lortzea oso meritu handia erakusten du eta, bestalde, zenbaki hauek ondo egindakoaren ondorioa dira. Nire uste apalaz, oro har boto emaileen konfiantza dauka EAJ-k datozen garaiak gobernuan emateko. EAEko mapa politiko konplexuaren erdiko guneari eutsi diote. Hala ere ez dute nahikoa laguntzarik gobernuan jarraitzeko. Nahita edo nahi gabe ETA eta PSOEren artean eratutako tranpan kateatuta geratu dira.
Nire kinielan ere bai irabazle eman nien, bigarrenarekin 4 parlamentariren aldearekin. Ezin esan urrun nenbilenik, baina... asmatu, ez nuen asmatu.
PSE_EE – Itxaropenak bete dituzte. Aukera ondo profitatu dute eta gora egin dute. Alderdi kohesionatua dela eta hiru lurraldeetan presentzia garrantzitsua dutela erakutsi dute. Hala ere ez dute erakutsi nagusitasunik. Izan ere EAJ-PNV nabarmen nagusitu zaie.
Alderdi honen emaitzekin asmatu nuen.
PP- Behin eta berriz erakusten ari dira gizarte oinarri tinkoa dutela. Izan duten beherakada oso erraz azaltzen da EAJ eta PSEren arteko polarizazioarekin batetik eta UPDren agerpenarekin bestetik. Ondo kudeatu dute Maria San Gilen erretiratzea. Espainiartasunaren ikurra bilakatu dira. PSOEren dohaineko makulua, itxurakeriak tarteko, gobernua osatzeko.
Nire kinielan bi parlamentari gehiago eman nizkien. Ez nuen behar bezala aurreikusi UPDren eragina.
ARALAR – Zorionak!! Bere unea iritsi egin dela ematen du. Oinarria zabaldu dute hiru lurraldeetan. Lau langile on-onak sartu dituzte parlamentuan. Bere liderrak sendotzen eta trebatzen ari dira politikari profesionalen eremuan. Jakina, ARALAR xume bat ongi datorkie alderdi eta indar nagusi askori; ARALAR sendo bat alderdi deseroso eta mehatxagarria bilakatzen da.Ondo kudeatu beharko du bere arrakasta.
Lortu du burua agertzea eta sentsibilitate ezkertiar, nazionalista eta zibilaren etxea bilakatzea. ETAren mundutik urrunduta eta plataforma politikorik gabe zeuden pertsona asko hurbildiko direlakoan nago. Ezker Abertzale Berri baten jaiotza eta konfirmazioa izanen dira ondoko lau urteak.
Hiru parlamentari eman nizkien; lau lortu dituzte. Nire aukera izanik, ez nuen uste hainbeste lortuko genuenik.
EA – Identitate falta duen alderdia delakoan nago. Batean ezkerra, bestean sozialdemokrazia, ondokoan eskuineko politikak egiten dituzte. Bestalde, polo soberanistaren inguruko diskurtsoa sinesgaitza suertatu da EAren ahoan. EAJ dute jatorria eta hura da haien etxea eta politika erreala. Ibarretxek hartzaren besarkadako besoak ireki eta haiek onartu.
Kinielan, alderdi honi dagokionean, asmatu nuen
EB – Nire errakuntza nabarmenetakoa. Hauek ere bai hartzaren besarkadaren zaurien ondorioak ordaindu behar dituzte. Bestalde, abertzale eta ez-abertzaleen arteko dialektikari helduz, beren posizioa ez da argi transmititzen. Ni baiezkoan nengoen; beren autodeterminazioaren aldeko jarrerak bereiziko zituelakoan nengoen; nonbait, ez da nahikoa. Bipolarizazio jokoan, argiago suertatu da PSEren aukera. Baina, geroa oso antzeko egoerak ekarriko ditu eta euren posizioa ez badute zuzentzen, testimonialismoaren ertzetik mugituko direla uste dut.
Kinielan, alderdi txikien kasuan bi parlamentariren diferentzia zenbat suposatzen duen aintzat harturik, huts egin nuen.
UPD – Nahiz eta inkestek parlamentari bat aurreikusi Arabaren eremutik, ez nuen uste lortuko zutenik. PPren unibertsoko bozkak direlakoan nago (Unidad Alavesaren kulturatik eratorriak). Beraiek ez baleude, PPk parlamentari bat gehiago luke. Bene-benetan luze gabe desagertuko direlakoan nago. Txikitasunean, ez dira mehatxu; hazten badira alderdi espainiar-zale nagusiek, era batera edo bestera, janen dute.
Kinielan ez nuen asmatu UPDri dagokionean.
Eta geroan, zer?
KINIELA, Bigarren partea.
Nor izanen da hurrengo lehendakaria?
Nire ustez Patxi López izanen da. Zergatik? Amparo, Arantxa eta haiek bezalako beste politiko asko kartzelara eramatea erraztu eta zirkinik egin gabe ikusi dituenak, ez du bada gobernua hartuko? 100.000 boto sistematik kanpo utzi dituenak, ez du bada boterea hartuko? Nahi eta nahi ez, behartuta dago. Ez dira alferrik honaino iritsi.
Bestalde, botere politiko eskuindar eta espainiar-zale guztiek behartuko dute Lehendakaritza hartzen. Prentsa espainiarra leitzea besterik ez da behar. Era berean, Patxik izan ditzakeen zalantzen aurrean, hasi da nabarmen egiten PPren presioa. Botere guzti hauek, honaino iritsita, ez daude prest aukera galtzeko, eta Patxi da beren aukera. Bestalde, Patxik ez du kezkatu beharrik, komunikabide espainiar-zaleek zilegitasunik gabeko aukera zuritzeaz arduratuko dira, zintzo eta fin.
Egun hauetan aniztasuna hitza barra-barra erabiltzen ari dira politikariak. Erkidego Autonomoko honen aniztasuna ordezkatuta egongo al da hurrengo gobernuan? Sikiera ere, ordezkatuta egongo al da hurrengo parlamentuan?
No hay comentarios:
Publicar un comentario