martes, 17 de agosto de 2010

BUELTAN NAGO

Kaixo lagunak:
Aspaldiko!
Joan den ikasturtearen bigarren erdian lanaz lepo ibilita, bazter utzita izan dut dibertimendu hau. Oraingo honetan arinxeago nabilelarik saitu behar dut nire ahalegintxoari segida ematen.
Interesgarri datorkigu ondoko ikasturte politikoa. A zer erronka: estatuko hauteskundeak, horretaz gainera udal eta aldundikoak Euskadin eta udal eta gobernukoak Nafarroan. Aitortu behar dut, nire lotsarako, Ipar Aldeko hauteskunde egutegia ez dudala menperatzen. Edonola ere Euskal Herriko Hego Aldeko potere gune askotako aulkiak jokatzen dira epe laburrean. Abuztuaren bukaeraren bueltan hasiko dira makinak martxan. Irratiari so eginez dagoenekoz hasiak direla antzematen da. Oporretatik bueltatu diren politikariak ez dira denbora galtzen ari eta hasita daude hauteskunde usaia darien deklarazioak.
Bestalde, inork aitortzen ez badu ere zer edo zer badago sukaldeetan eta sukalde ez diren besteetan; Aralarrek EAk eta Batesunak ez dute sukaldearen beharrik izan, orain arte behintzat.
Neuk antzematen ditudan gakoak:
1/ Krisi ekonomikoa.
2/ Gizarte eredua (eredu ekonomikoa)
3/ Pakegintza
4/ Unionismo espainiarra eta nazionalismo desberdinen arteko tentsioa.

Joku konplikatua bezain interesgarria. Politikazale garenontzat benetan kilikigarria.

Zernola daude kokatuta alderdiak?
PSOE (PSE eta PSN barne). Ez dut uste esaten den bezain gaizki dagoenik. Hartutatko neurri ekonmikoek eta kanpoko laguntzek emaitza onak ekartzen badituzte, gora egingo du. Kontuz gero!! PPk ez du erraza izanen. Ez naiz ausartzen Euskadin eta Nafarroan zertan dauden esaten. Euskadin oso kudeaketa arrunta egiten ari direla iruditzen zait, ausardirik gabea, kontserbadorea eta motela. Baina euren biktimismoak zein politika anti abertzaleak (terrorismoaren biktimek lagunduta) izan ditzakete bere hauteskunde ondorioak, positiboak eurentzat. Nafarroan idem; PSN-k, UPNren makulua izanik, oso jarrera antzekoa du.

EAJ-PNV. Hamaika burutako alderdia da une honetan. Oraindik-orain bere tokiaren bila dabilela ematen du. Urte eta erdia pasa da eta ez du oposizio toki egokirik topatu. Bestalde, Urkullu lan ona egiten ari da, baina EAJ-ren eredua dela eta, Ibarretxe joanez geroztik buru baten faltan daudela ematen du. Irudiaren garai hauetan izaera honek ez du lagungarri. Dena den, oraindik orain garaiz daude. Bozka-zolari ("suelo electoral") delakoari eusten badio, bueltatuko da galdutako potere guneetara luze gabe.

BATASUNA. Nahi nuke bide politikoan murgiltzea, indarkeriari uko egitea, amnistia negoziatzea, eta ezker abertzale integratu baten jaioaldi berri baten protagonistak izatea. Egonen al da hurrengo hauteskundeetan? Bere siglekin ez dut uste, zoritxarrez.

PP. Gora egingo du, PSOEren kaltetan. Segituko du oraingo rola bereetan, baina are eta indartsuago.

UPN. Lehen indarra Nafarroan. Barcinaren eskutik PPrekin gobernatuko du. Politika antiabertzaleak segida izanen du nire erresuma errepublikanoan.

ARALAR. Euskadin itzalita dago. PSEk ez dio kantxarik eskaintzen; Unionismo eskuindarraren aldekoek are eta gutxiago. Bereak eta bi egin behar ditu burua ateratzeko. Dena den orain arte politika zuzena eta koherentea egiten ari delakoan nago. Izanen al du isladarik hauteskundeetan? Nafarroan galduta dago NABAIren barruko eztabaida antzuetan. Nik neronek Nafarroan ezker abertzale sendo eta integratua (ARALAR, eredu eta izena) errotzeko aukera historikoa galdu dugun ustea daukat.

EA. Bejondeiela!

BATZARRE. Azkenik NABAIren baitan izango dira. Azken momentuan.

UPyD. Euskadin... ez dakit. Nafarroan, ezer ez.

Ibili eta buelta ABERTZALEOK ez gaude unerik onenean. Badugu zer pentsatu eta zer proposatu. Nafarroak segitzen du gure suspentsoa izaten. Noiz gaindituko dugu? Euskadi zertan gauden ez dakigu. Ondoko hauteskundeek emango digute guztion neurria.

Espainia proiektua hausten bada, Kataluniak eraginda izanen da. Hango nazionalismoak bide zibil eta politikoari eutsi zion aspaldi, eta arian-arian, lortzen ari da.

Ondoko sarreretan, ez alderdiak, baizik gakoak (krisi ekonomikoa, gizarte eredua, pakegintza, e.a.) aztertu beharko ditugu.

HURRENGO ARTE LAGUNAK!!

Besarkada bat,

Irakurlerik badago, seinalerik eman dezan, faborez. Beti ere motibagarria suertatzen da.

3 comentarios:

  1. Kaixo Xabier, berriro ere ados nago egoera politikoaz eginten duzun analisiarekin.Ongi ibili, Fernando

    ResponderEliminar
  2. Kaixo,

    Hemen nago ni ere, berriz ere eztabaidarako prest. Aipatu dituzun kontu batzuekin ez nago oso ados eta hemen doaz nire argudioak:

    1. PSOE-PSE-PSN: Nik uste garesti ordainduko dutela egiten ari diren politika antisoziala. Aukera ederra dute Espainian PSOEren ezkerrera alderdi edo bloque ezkertiar alternatibo eta indartsu bat sortzeko. Ikusi Blocok Portugalen edo Die Linkek Alemanian izaten ari diren arrakasta. Bestela, eskubi populista joango dira boto asko eta asko.

    2. PP: ados

    3. UPN: Ez du gehiengoa lortuko eta NaBai edo dena delakoa izango da lehen indarra edo oso pare ibiliko dira.

    4. Batasuna: Bejondeiela, animo eta aurrera gehiengoak egin duen apostuan. Ezker abertzale zibil eta zabalaren egituraketan elkartuko gara!

    5. EA: Poloaren kontuarekin burua altxatu nahian dabil, baina etorkizunik gabeko alderdia da, proiekturik gabe eta jende oso baliagarririk ez duena, zuzendaritzan behintzat. Batasunarekin joan nahi dute hauteskundeetara beren parzela mantentzeko, baina Batasunak ez du ezer irabazten EArekin, "erabili" egingo dituzte. "Lortu arte" papel bustia izango da benetako eragileekin serio hitz egiten hasten denean batasuna (Aralarrekin ezker abertzale berriaren egituraketan) eta (EAJ, Aralar, Alternatiba, EB eta abar) erabakitze eskubidearen defentsa taktikoan.

    6. Aralar: Ba, nik ongi ikusten dut eta mediatikoki bonbo askorik ematen ez dioten arren euren proposamenei duintasun handiz dabilela uste dut. "Lortu arte" hitzarmenak agian sortu du noraeza pixka bat, baina bere lekua hartu eta uda honetan lan bikaina egiten ari dira. NABai-koa aldiz, nik uste egin beharrekoak egin dutela, nahiz eta liskarrak publikoki azaleratzeak kalte egin, baina onerako izan da. Nahiko nukeena da da Nabai-n Batasuna sartzea beste eragile bat gehiago bezala, eta izena aldatu behar bazaio ere izena aldatuz. Nabai aldekoa apustua egindu Aralarrek garrantzi izugarria duelako Nafarroan eskuina kanporatzea eta aldaketa bideratzea.

    ResponderEliminar
  3. Xabierrekin bat nator oro har. Batez ere, Aralarren inguruan ezker abertzale zabala eraikitzeko aukera galdu dela aipatu duen horretan. Nik ez dut sekula ulertuko zein merke saldu zuen Aralarrek bere burua Nabain, eta zein mesede handia egin dien EAri eta batez ere EAJri, hau da, eskuin baskista delakoari. Nabaik eskuinetik dihardu eta lehenago edo beranduago berrantolatu eta definitu beharra izango du; bestela pixkanaka-pixkanaka hustuz joango da eta.
    Nik uste dut Nafarroan ere, Euskalerrizaleok bi bilgune ezberdindu behar ditugula, ezkerrekoa eta eskuinekoa.

    ResponderEliminar